Itxi

Gaur, 22:30ean, ETB2n

Erabakitzeko eskubideaz eta 'Jostunak' dokumentala, 'El Dilema'n

A.E.

EiTB

Gaur gauean, Gure Esku Dagoko bozeramailea elkarrizketatuko du dokumentalaren ondoren Juan Carlos Etxeberriak, eta ondoren eztabaida izango du.

Zelai Nikolas Gure Esku Dagoren bozeramailea

Gaur gauean, ETB2ko 'El Dilema' saioan, Jostunak Gure Esku Dagok ekoiztutako dokumentala eskainiko da. Ondoren, erabakitzeko eskubidearen inguruan elkarrizketa eta debatea izango dira saioan.

Jostunak, herritarren borondateak jositako historia bat, iazko ekainaren 8ko giza katerako bidea nahiz erabakitzeko eskubideari buruzko hainbat iritzi biltzen dituen lana da. Kazetari, irakasle, politikari eta alor askotariko herritarrak batu ziren dokumentalaren estreinaldian. Hilabeteetan egindako jostun lana ikusi ahal izango da dokumentalean; haria herritarren borondatea izanik, deslotuak zeuden herritarrak batzeko gaitasuna izan dute herriz herri lanean jardun dutenek. Eriz Zapirainek zuzendu du lana, eta gidoia Eriz Zapirain eta Jon Telleriarena da.

Elkarrizketa eta debatea

Juan Carlos Etxeberriak Zelai Nikolas Gure Esku Dago erabakitzearen aldeko mugimendu herritarraren bozeramailea elkarrizketatuko du. Gure Esku Dago taldeak datorren igandean, ekainaren 21an, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzea helburu duten hautesontzi erraldoiak eraikitzeko Bilbora, Donostiara, Iruñera, Gasteizera eta Baionara deitu ditu herritarrak.

Elkarrizketa laburraren ondoren, eztabaida mahaian ere hartuko du parte Zelai Nikolasek. Berarekin batera, Juanjo Alvarez EHU/UPVko  Nazioarteko Zuzenbidearen katedradunak, Eduardo Virgala EHU/UPVko Zuzenbide Konstituzioalaren katedradunak, Jule Goikoetxea EHU/UPVko Zientzia Politikoko irakasleak, Antonio Elorza Madrileko Universidad Complutenseko Zientzia Politikoko katedradunak, eta Pere Puges Kataluniako Asanblada Nazionaleko sortzaile-kideak hartuko dute parte.

Halaber, autogobernuari buruzko txostenean parte hartu duten legebiltzarreko taldeen ordezkariei bi galdera egingo dizkie 'El  Dilema'k: erabakitzeko eskubidearen inguruan duten iritzia zein den eta ze ekarpen, bere taldeak egin ez dituen ekarpenen artean iruditzen zaien interesgarrienak. Joseba Egibar, Asier Arraiz, Isabel Celaa, Borja Semper eta Gorka Maneiroren erantzunak bildu ditu saioak.

Beste gai baten inguruan ere hausnartuko dute aste honetako saioan. Espainiako gobernuak Kataluniako estatus politikoaren inguruko kontsulta egiteko kataluniarrek duten nahiari emandako erantzun juridiko eta politikoaz ariko dira, hain zuzen ere.

'El Dilema' gaur, 22:30ean, dago ikusgai, ETB2n.

ETB2n.

Informazio gehiago (1)