Sanferminak 2015
Sanferminen jarraipen berezia egingo dute ETBk eta eitb.eus-ek
A.E
EiTB
Programazio bereziak 'Estafeta 2, sanferminen bihotzean' jasoko du, besteak beste.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Euskal Telebistak San Fermin jaien jarraipen zabala egingo du. Iruñeko kaleetan biziko den giroaren eta ekitaldi nagusien lekuko izango da ETB bederatzi egunez.
Txupinazoak eman zien hasiera San Fermin jaiei. ETB1ek eta eitb.eus-ek bat egin zuten Iruñeko Udaletxeko plazarekin, ekitaldia zuzenean eskaintzeko.
Aritz Agirre Euskadi Irratiko kazetariak eta Ilaski Serrano aurkezle ezagunak egin zuten emanaldiaren gaineko kontakizuna; Maite Eskarmendik, berriz, kaleko giroaren berri eman zuen, eta Aitor Perez Iruñeko Udaletxean izan zen, jaiaren hasiera bertan bizi izan dutenak elkarrizketatzeko.
Festen hasiera ez ezik, Euskal Telebistak Sanferminak agurtuko dituen 'Gaixoa Ni' ekitaldia ere eskainiko du uztailaren 14an.
Albistegietan ere jasotzen dute entzierroaren eta eguneroko giroaren eta ekitaldi nagusien berri, eta, horrez gain, 'Cómo en Casa en Ningún Sitio' eta 'Sin Ir Más Lejos' saioetan, Iruñean egun hauetan jazotzen den guztiari arreta berezia eskainiko diote.
'Estafeta 2, sanferminen bihotzean', uztailaren 13an ikusgai
Beste saio berezi bat ere izango da ikusgai aurten ETB1en. Ibon Gaztañazpi aurkezleak hiru egun emango ditu sanferminen bihotzean, Estafeta kalean eta inguruetan.
'Estafeta 2, sanferminen bihotzean' saioak ordubete iraungo du, eta hiru atal nagusi izango ditu; Ibonek Iruñean pasatuko duen egun bakoitzeko bat.
Lehenengo eguna, uztailaren 6an, jaiari eta jai-giroari buruzkoa izango da: hamaiketakoa, txupinazoa, kaleko giroa, tabernak, musika, parranda...
Bigarren egunean, uztailaren 7an, Iruñeko eta Nafarroako zenbait pertsonaia ezagunen sanferminak islatzen saiatuko dira. Zer ohitura dituzte pertsonaia ezagun hauek? Zer ekitalditan hartzen dute parte? Nola pasatzen dituzte egun hauek?
Azkenik, hirugarren eguna, uztailaren 9a, sanferminetan hain garrantzitsua den entzierroari eta bere protagonistei eskainiko diete. Entzierroa posible egiten duten hainbat lagunekin egongo dira: hesien arduradunak, artzainak, korrikalariak, udaltzainak, mediku eta erizainak, argazkilariak, etab.
'Estafeta 2, sanferminen bihotzean' saioa uztailaren 13an izango da ikusgai, 22:30ean. Sanferminak barrutik erakutsiko dituzte bertan, jai horietako protagonistak elkarrizketatu eta horien inguruko kontakizunak bilduz.