Itxi

22:30ean

Sexu erasoak aztergai, gaur gauean, 'La Caja Negra' saioan

EITB

Iñaki Lopezek eraso horien arrazoiak aztertuko ditu, eta euskal gizartea bereziki astindu zuten hainbat kasu gogoratuko ditu.

Gaur, 'La Caja Negra' saioan, Euskadin jaietan izaten diren sexu erasoak aztertuko dituzte. Iñaki Lopezek gidatzen duen saioa 22:30ean izango da ikusgai ETB2n.

San Fermin festen hasieran gauden honetan, hainbat neskak txupinazoan bularrak erakusteko duten ohituraz arituko dira saioan, eztabaida handia sortu duen gaia baita. Jaietan biltzen den jendetzak eta alkoholaren gehiegizko kontsumoak 'inpunitate sexuala' areagotzen dute, eta, zenbait kasutan, tragedia bihur daitezkeen egoerak sortzen dira.

Zazpi urte bete dira Jose Diego Yllanesek Nagore Laffage hil zuenetik sanferminetan. Asun Casasola Nagoreren amak gertaera hura eta ondorengo epaiketa gogoratuko ditu Iñakirekin.

Zergatik ugaritzen dira emakumezkoen kontrako erasoak jai jendetsuetan; Baionako bestetan eta Donostiako Aste Nagusian, esaterako? Neska gazteek etxera bakarrik itzultzeko beldurra dute Euskadin? Horren harira, ekainaren 27an adingabeko neska batek Bilboko Kale Nagusian jasan zuen erasoa gogoratuko du saioak.

'La Caja Negra' saioak, bestetik, euskal gizartea bereziki astindu zuten krimen sexualak gogoratuko ditu. Batetik, Virginia Acebesen kasua, ezezagun batek bortxatu eta hil zuen etxerako bidean. Bestetik, Aintzane Garayrena; haren senargai ohiak bortxatu eta hil zuen. Bada, Aintzaneren neba David Garayrekin mintzatuko da Iñaki Lopez.

'La Caja Negra' gaur izango da ikusgai, 22:30etik aurrera, ETB2n.

Informazio gehiago (1)