22:15ean
'Tu Playa Favorita' saioa estreinatuko du ETB2k gaur
EITB
Besteak beste, Maribel Salas, Efren Vazquez, Alex Txikon, Kepa Junkera eta La Otxoa hartuko dituzte, euren hondartza gustukoenak aurkezteko, Africa Baetak gidatutako saio berri honetan.
ETB2k gaur estreinatuko du 'Tu Playa Favorita' saio berria, eta Euskal Herriko hondartzarik ikusgarrienak gertutik ezagutzeko aukera eskainiko du bidaia freskagarri honetan. Africa Baetak gidatuta, euskal kultura, gizarte edo kirol arloko pertsonaia ezagunek euren hondartzarik gustukoenak aurkeztuko dituzte. Bakoitzak bere bizipen pertsonalak azalduko ditu, eta, horrez gain, lanak edo gertutasunak bultzatuta, hondartzarekin harreman estua duten pertsonekin hitz egingo dute bidaian zehar.
Hainbat pertsonaia ezagunek parte hartuko dute Gromaz ekoiztetxearen proposamen berri honetan, besteak beste, hauek: Maribel Salas, Mikel Goñi, Elena Ibarbia, Efren Vazquez, Juanito Oiarzabal, Sara Gandara, Asier Hormaza, Kepa Junkera, Alex Txikon, Silvia Intxaurrondo, Andoni Cedrún, Roberto Laiseka, Begoña Maestre, Peio Ruiz Cabestany eta La Otxoa.
Saioak ez ditu bakarrik gure geografiako hondartzarik ederrenak erakutsiko, hondartza bakoitzaren atzean dauden istorioak ere kontatuko ditu. Horrela, kostaldeko itsaslabarretara euren tresnak egiteko silex onenaren bila joaten ziren haitzuloetako gizakien istorioak entzungo dituzte ikus-entzuleek, baita pelikuletako agertoki ederrenen istorioak edota kontrabandisten itsasontziak protagonista dituztenak.
Epopeia harrigarri hauekin batera, bizipen pertsonalek ere tokia izango dute saioan. Gure inguruko aurpegirik ezagunenek hondartza horietan igarotako momenturik onenak azalduko dituzte, euren familiakoen argazkiak eta hondartzako euren tokirik gustukoenak erakutsiko dituzte.
Lehenengo atala
'Tu Playa Favorita' saioaren lehenengo atalak lau protagonista ezagun izango ditu: Silvia Intxaurrondo kazetaria, Juanito Oiarzabal mendizalea, Andoni Cedrun futbolari ohia, eta Begoña Maestre aktorea. Bakoitzak, bere hondartzarik gustukoena aurkeztuko die ikus-entzuleei.
Bilboko itsasadarraren ezkerraldeko 200.000 biztanleentzat erreferentziazko hondartzan hasiko du 'Tu Playa Favorita' saioak ostiraleko bidaia, Muskizko Arena hondartzan, hain zuzen ere. Dirudienez, Erromatar Inperioaren garaian ere, oso leku garrantzitsua izan zen, eta istorio honen berri emateko, Silvia Intxaurrondo kazetaria izango dute gonbidatu.
Saioak, gainera, kostaldeko hondartzak ez ezik, barnealdeko hondartzak ere ezagutuko ditu. Kasu honetan, Juanito Oiarzabalek Uribarri Ganboako bere tokirik gustukoena erakutsiko du, uda partean milaka gasteiztar biltzen dituen toki zoragarria.
Arabako barnealdeko itsasotik Gipuzkoako kostaldera egingo du salto saioak. Bertan, Andoni Cedrun Athleticeko atezain ohiak Debako hondartza aurkeztuko du, antzinako baleontzietako marinelek baleak txikitzeko erabiltzen zuten hondartza.
Saioak Bizkaiko kostaldean amaituko du bere ibilbidea, Gorlizko badia zoragarrian. Bertan, tuberkulosia sendatzeko lehen erietxea eraiki zuten duela mende bat baino gehiago, eta Begoña Maestre aktoreak emango du hondartzak gordetzen dituen istorio honen eta beste hainbaten berri.