Estreinaldia
'Down-Town'en begirada berezia, gaurtik aurrera, ETB2n
A.E.
EiTB
Iñigo Hermoso eta Urtzi Urrutia ETBn dira berriro. Musikarekiko, sukaldaritzarekiko eta kirolarekiko grina erakutsiko dute saioaren datozen ataletan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gaurtik 'Down-Town' saioa izango dugu ikusgai ETB2n. Saio entretenigarri, berritzaile eta samur hau Iñigo Hermosok eta Urtzi Urrutiak gidatuko dute. Biek Down sindromea dute eta, hortaz, begirada bereziz ikusten dute bizitza eta Euskal Herria.
Saioaren furgoneta ibiltarian bidaia egingo dute Iñigok eta Urtzik, eta musikaz, sukaldaritzaz, kirolaz eta futbolaz duten ikuspuntu magikoa elkar banatuko dute ikus-entzuleekin. Astelehenero 22:30ean izango da 'Down-Town' ikusgai ETB2n.
Aurkezleak
35 urteko Iñigo Hermoso Negurin bizi da. Duela bost urtetik hona aseguru bulego batean ari da lanean. Athletic zale amorratua da, eta taldeko hainbat jokalariren eta zuzendaritzako kideren laguna ere bada. Normalean, igeriketa, eskia eta defentsa pertsonala egiten ditu. Kirol kazetari bokazioa dauka eta ustekabez betetako mutila da.
36 urteko Urtzi Urrutia, berriz, Algortan bizi da. Termibusen La Union-eko autobusetan ikuskatzaile gisa egiten du lan. Uribe Kostako futbol taldean aurrelari gisa jokatzen du. Pizzeria batean egin izan du lan eta karateka ere izan da; zaldiak, igeriketa, surfa eta paddlea atsegin ditu. Halaber, dantza garaikideko talde bateko kide da. Urtzi mutil maitagarria eta arrakastatsua da.
Trauko Ekoizpenak eta ETBk ekoizten dute saioa, eta John Andueza da zuzendaria.
Atalak
Musikarekiko grina: musikak gidatuko du Urtziren eta Iñigoren lehen bidaia, astelehen honetan. Txango horretan, Mocedades taldea oroituko dute Carlos Zubiaga eta Iñigo Urangarekin. Horrez gain, bat-bateko erromeri batean parte hartuko dute; Fito Cabralesekin egongo dira eta Karaoke batean 'Vaya Semanita'ko Maribel Salasekin eta Humberto Gutierrezekin tarte bikaina pasako dute. Ondoren, Donostian Musikene Euskal Herriko Musika Goi Ikastetxera joango dira musika tresna ezberdinak ikasteari buruz galdezka. Arrasaten, Aschero metodoaren berri izango dute Dometx Uzin musika irakaslearen eskutik. Uzinek Down sindromea duten gaztetxo talde bati musika tresnak jotzen erakusten die, koloreak oinarri dituen metodoa erabiliz. Azkenik, Lizarran, Mochila 21 taldearen kontzertuan izango dira. Down sindromea duten gazteak osatzen dute taldea eta eurekin, Tijuana in Blue, Barricada eta Marea talde nafarrek ere kolaboratzen dute.
Sukaldaritzarekiko grina: sukaldaritza abuztuaren 3ko saioaren ardatza izango da. Iñigok eta Urtzik Berangoko Otxandategi Abesbatzeko lagunekin bazkaria prestatuko dute txokoan. Horrez gain, Karlos Arguiñano bisitatuko dute Aiako txakolindegian, eta Gureak Fundazioak ekoizten duen 'Para Chuparse Los Dedos' saioaren setean egongo dira. Handik Arrasateko pizzeria batera joango dira eta geroxeago Markinako Axpe sagardotegira.
Kirolarekiko grina: abuztuaren 10ean kirolaren unea izango da. Lehen geldialdia Gorlako Gailur zaldi eskolan egingo dute. Handik, berriz, Aizarnazabalera joko dute Wafe Gaden uhin artifizialean ibiltzeko. Ander Vilariño kotxe gidariarekin motor zaletasuna partekatuko dute Olaberriko kartingean. Zumaiako traineruko neskekin itsasora irtengo dira Telmo Deun traineruan.
Bestalde, Urtzi eta Iñigo Elaia Torrontegi taekwondoko txapeldunordearekin bilduko dira, eta ondoren tatamiaren gainean elkarren aurka borrokan arituko dira modalitate honetan. Azkenik, Sopelako Parapente Klubera joango dira eta bertako monitoreen laguntzaz, inguru horretako amildegien gainetik hegan egingo dute.
Futbolarekiko grina: futbola izango da abuztuaren 17ko saioaren ildo nagusia. 2013-2014ko denboraldia bikaina izan zen hiru euskal talde onenentzat. Athletic Txapeldunen Ligako aurreko erronda jokatzeko sailkatu zen. Reala, berriz, UEFA Europa Leagueren aurreko errondarako sailkatu zen. Eibar, berriz, lehen aldiz historian Lehen Mailara igo zen. Iñigori eta Urtziri futbola asko gustatzen zaie. Iñigo Athletic zalea da eta Urtzi, berriz, Realekoa. Euren taldeen emaitza onak animatuta, bi protagonistek jardunaldi guztiz bereziak bizi izan zituzten euren idoloekin.