Zuzenean
Estropadak, pilota eta txirrindularitza, gaur, ETBn
A.A.
EiTB
Eusko Tren eta San Miguel ligetako Getxoko Ikurrina, 5 ½ko txapelketako partida Etxebarritik eta Tourraren amaiera.
Zuzeneko hiru kirol emanaldi egingo ditu Euskal Telebistak gaur. Goizean estropadak izango dira ikusgai, eta arratsaldean txirrindularitza eta pilota.
Eusko Tren eta San Miguel ligetako traineruek Getxon duten hitzordua. 12:00etan jokatuko da emakumezkoen estropada eta ordu erdi geroago gizonezkoena. Mikel Olazabalek, Ibon Gaztañazpik eta Sara Gandarak Getxoko Ikurrinaren kontakizuna egingo dute ETB1en eta eitb.eus-en.
Frantziako Tourraren emankizuna 16:10ean hasiko da ETB1en eta 17:00etan ETB4ra pasako da. Sevres-en abiatu eta Pariseko Champs Elysées-en amaituko den azken etaparen nondik norakoak Fermin Aramendik, Xabier Usabiagak eta Pedro Mari Goikoetxeak ekarriko dituzte.
'ETB Kantxa' saioa Etxebarritik eskainiko da, 17:00etan hasita. Idoate-Larunbe / Olaetxea-Ibai Zabala norgehiagokak zabalduko du jaialdia. Partida nagusian, Mikel Urrutikoetxeak eta Aitor Zubietak Aimar Olaizolaren eta Andoni Aretxabaletaren aurka neurtuko dituzte indarrak 5 ½ko Torneoaren barruan. Xabier Euzkitze, Joxan Tolosa eta Elena Azpeitia izango ditugu esatari ETB1en eta eitb.eus-en jarraitu ahal izango den emankizunean.
Afizionatu mailako pilotak eta herri kirolek osatuko dute kirol eskaintza. 12etan, ETB4n, Uharte eta Azpeitia arteko Herriarteko Txapelketako eskuz binakako finala izango da ikusgai, Iñigo Aiestaranen eta Jon Eskuderoren kontakizunarekin. 15:10ean, ETB1en, Euskadiko Sega Txapelketako gizonezkoen kanporaketaren berri emango du Juanan Legorburuk.