Itxi

22:15ean

Gure hondartza ederrenetan barrena bidaia, gaur gauean, ETB2n

EITB

'Tu Playa Favorita' saioak Asier Hormaza, Alex Txikon, Sara Gandara eta Roberto Laisekaren hondartza gustukoenak ezagutuko ditu.

'Tu Playa Favorita' saioak Euskal Herriko hondartza ederrenetan barrena bidaia berri bat proposatuko du gaur gauean. Africa Baetak aurkeztuta, Asier Hormaza aktorea, Alex Txikon abenturazale eta alpinista, Sara Gandara kazetaria eta Roberto Laiseka txirrindulari ohia izango ditu gonbidatu, eta euren kostaldeko tokirik gustukoenak aurkeztuko dituzte.

Bizkaiko kostaldeko herri arrantzale batean hasiko dute aste honetako bidaia. Asier Hormaza aktoreak aurrean irla zoragarria duen Karraspio hondartza du gustukoen, eta pelikula baten eszenatokia dirudien arren, benetako istorio harrigarriak gordetzen ditu irlak.

Bizkaitik Gipuzkoara egingo du salto saioak, Lurraren historiaren argibide den hondartza ezagutzeko. Alex Txikon mendizale eta abenturazaleak Zumaiako Itzurun hondartzan barrena gidatuko ditu ikus-entzuleak, bertako parajeek gordetzen duten mendeetako datu geologikoak ezagutzera emanez.

Saioak izango duen hurrengo gonbidatua Sara Gandara kazetari eta telebista aurkezlea izango da. Sarak ez du aurretik inoiz surf egin, eta kirol horrekin lotura handi duen Bizkaiko hondartza batean egingo ditu bere lehen saiakerak taula gainean, Sopelako hondartzan, hain zuzen ere.

Amaitzeko, Bizkaiko hondartzarik basatienetako batera joango da 'Tu Playa Favorita': Lagara. Herri handietatik urrun geratu da beti eta horregatik, kontrabandorako toki ezin hobea izan da urteetan zehar. Roberto Laiseka txirrindulari ohiaren hondartzarik gustukoena da.

'Tu Playa Favorita' gaur emitituko da, 22:15etik aurrera, ETB2n

Informazio gehiago (1)