Itxi

Aste Nagusia 2015

Donostiako jaiei jarraipen berezia, ETBn eta eitb.eus-en

A.A.

EiTB

Jaiei hasiera emango dien Artillero, Piraten Abordaia eta gaueroko su festa zuzenean eskainiko dira. Horrez gain, txistulari kontzertua eta Gero Axular dantza taldearen 'Itzal galdua' ikuskizuna.

Donostiako Aste Nagusiaren jarraipen berezia egingo dute Euskal Telebistak eta eitb.eus-ek abuztuaren 8tik 15era bitartean. Urtero legez, zuzenean eskainiko dira jaiei hasiera emango dien Artillero ekitaldia, Piraten Abordaia eta gaueroko su festa. Ikusgai izango dira baita ere Konstituzio Plazan egingo den txistulari kontzertua eta Gero Axular dantza taldearen Itzal galdua ikuskizuna. Bestalde, datozen bi asteetan hainbat kirol emankizun egingo dira Donostiatik: tartean, Atano III.ean jokatuko den Donostia Hiria pilota torneoa. Gipuzkoako hiriburuko jaien eduki guztiak eitb.eus-eko atari berezian egongo dira.

Artillero eta suak

Donostiako Aste Nagusiaren hasierako ekitaldia ETB2n eta eitb.eus-en jarraitu ahal izango da larunbatean, 18:30etik aurrera. Olaia Urtiaga eta Juan Terol arduratuko dira kontakizunaz; Maite Eskarmendik eta Luisma Laboak, berriz, Alderdi Ederren bizi den giroaren berri emango dute, eta elkarrizketak egingo dituzte, protagonistei eta bertara hurbilduko diren herritarrei.

Larunbatean hasi eta hurrengo larunbatera bitartean, gauero, 'Donostiako Aste Nagusia 2015' saio berezia gidatuko dute Izaro Iraetak eta Agustin Ezenarrok Kontxako pasealekutik. Su artifizialak zuzenean eskaintzeaz gain, gonbidatuak izango dituzte eta jaien inguruko erreportajeak eskainiko dituzte gaueko hamar eta erdiak aldera, ETB1en eta eitb.eus-en.

Piraten Abordaia

Donostiako Aste Nagusiko hirugarren festa egunean piratak izango dira protagonista. Haien esku izango da hiriaren Abordaia, Donostiako kaitik irten eta Kontxako hondartzan lehorreratuz. Ekitaldia zuzenean jarraitu ahal izango da 16:15etik aurrera ETB1en eta eitb.eus-en, Xabier Sukiaren kontakizunarekin. Maite Eskarmendik eta Luisma Laboak kaiko giroa jasoko dute, protagonistak elkarrizketatuz.

Gero Axular taldearen emanaldia eta txistulari kontzertua

Abuztuaren 13an, Gero Axular dantza taldearen Itzal galdua ikuskizuna eskainiko du ETB1ek, iragan martxoaren 28an Donostiako Victoria Eugenia antzokian grabatutakoa. Karlistaden ondoren, Mauleko espartinen lantegietara jo behar izan zuten hainbat nafarren istorioa biltzen du.

Bestalde, abuztuaren 15ean, Aste Nagusiko lehen egunean Konstituzio Plazan egiten den Txistulari Kontzertu Nagusiaz gozatzeko parada izango da ETB1en. Jose Ignazio Ansorenaren zuzendaritzapean, Donostiako Udaleko Txistulari Taldea eta Euskal Herriko beste hainbat herritatik etorritako txistulariak arituko dira, Eskola-Gurutziaga abesbatzarekin, Donostiarra Metal Boskotearekin eta beste hainbat musikarirekin batera. Xabier Otaegik aurkeztuko du ekitaldia.

Kirol emanaldiak

ETBk tarte berezia eskainiko die datozen asteetan Donostian egingo diren kirol lehiaketei. Hitzordu nagusia Atano III.a pilotalekuan jokatuko den Donostia Hiria Torneoa izango dugu. ETB1ek eta eitb.eus-en zuzenean eskainiko dituzte abuztuaren 18ko finalerdia eta abuztuaren 21eko finala, baita hilaren 22ko jaialdia ere.

Bestalde, zesta puntako Donostiako Sariaren finala abuztuak 16an emango da eta ¾ posturako partida hilaren 23an, 20:30ean, ETB4n. Palako Kirol Txartela Sariko finala eta ¾ posturako partidak abuztuak 15ean eskainiko dira, 12:00etan, ETB4n. Azkenik, aizkolarien Urrezko Kopa, abuztuak 16an, 16:00etan, ETB1en.

eitb.eus

Donostiako Aste Nagusiko albiste, argazki, bideo eta egitarau osoa kontsultatzeko aukera izango da EiTBko webgune berezian. Bertan bilduko dira 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegietan, eta 'Como En Casa En Ningún Sitio' eta 'Sin Ir Más Lejos' saioetan egingo dituzten erreportaje eta eduki bereziak.

Informazio gehiago (1)