Itxi

Saturrarango kartzela

'Debekatuta dago oroitzea' dokumentala, gaur gauean, ETB1en

A.A.

EiTB

22:25ean hasita, 1936ko gerra osteko errepresioa eta, Saturrarango kartzela adibide gisa hartuta, kartzelako unibertsoa erakusten duen dokumentala izango da ikusgai.

Your browser doesn’t support HTML5 video

ETB1ek Debekatuta dago oroitzea dokumentala eskainiko du gaur gauean. 2010ean Josu Martinezek eta Txaber Larreategik zuzendutako ikus-entzunezkoak 1936ko gerra osteko errepresioa eta kartzelako unibertsoa erakusten du, Saturrarango kartzela adibide gisa hartuta.

Saturrarango hondartzan izan zen emakumeentzako kartzela (1937-1944) Espainiako handi eta gogorrenetakoa izan zen. Aurretik luxuzko bainuetxe eta apaiztegi izandako eraikinetan (700 pertsonarentzako tokia zuten), 2.000 emakume inguru zituzten giltzaperatuta, batzuk beren seme-alaba txikiekin, oso baldintza gogorretan. Handik bizirik irten ziren emakume batzuen testigantzak jasotzen ditu dokumental honek.

Erregimen frankistak Espainiako toki guztietatik ekarritako lau mila emakume baino gehiago izan zituen bertan giltzapean, eta 107 emakume eta 48 ume hil ziren bertan, kartzela kudeatzen zuten mojek emandako tratu txarren ondorioz. Gaixotasunak, gosea, torturak, zigorrak, sexu erasoak eta seme-alaben lapurretak, besteak beste, galtzaileak menderatzeko izugarrikerien erakusgarri.

Memoria historikoa berreskuratzeko beharrari erantzunez egin zuten Josu Martinezek eta Txaber Larreategik dokumental hau. Halakoei esker, Gerra Zibileko eta ondorengo urteetako hainbat gertaera ilun ezagutzera eman eta argitu ahal izan dira.

Debekatuta dago oroitzea dokumentala, gaur gauean, 22:25ean, ETB1en.


>

Bideoak (1)