Informazioan lider
Albistegiek denboraldi berriari ekin diote
EITB
Albistegi taldeak audientzia lidergoarekin ekingo dio denboraldi berriari, eta nobedadeen artean, Aintzane Bolinagak ETB2n aurkeztuko duen 'Minuto a Minuto' saioa izango da asteazkenero ikusgai.
ETBko albistegiek astelehen honetan, irailaren 14ean, ekin diote denboraldi berriari, ikus-entzuleen babesa eta audientzian lidergoari eustea helburu nagusi izanik.
Goizero, lehen orduko informazioa eskainiko du 'Egun On Euskadi' albistegiak, eta arratsaldero, guztiz berrituta itzuli den 'Azpimarra' saioak ere egun-eguneko gaiak sakonean jorratuko ditu, kulturari ere leku zabala eskainiz.
'Gaur Egun' eta 'Teleberri'ren bi edizioek, bere aldetik, eguneko albisteen berri emango dute ETB1en eta ETB2n, eta horiei guztiekin batera asteroko 'Minuto a Minuto' saio berria, 'Azpimarra+', 'Palabra de Ley', eta albistegi eta erreportaje bereziak izango ditugu.
Egunero, 'Egun On Euskadi' eta 'Azpimarra', ETB1en
Goizean goizetik hasten da ETB1 informazioa aletzen 'Egun On Euskadi' albistegi goiztiarraren eskutik. Estepan Aldamiz-Etxebarriak aurkeztutako saioa goizeko 09:00etan jartzen da abian, eta tertuliak eta egun-eguneko elkarrizketa eta albisteen errepasoak osatzen dute tartea. Aurtengo berrikuntzen artean, Aldamiz-Etxebarriak Xabier Usabiaga kazetaria izango du lagun platoan, berarekin batera eguneko gaien berri emateko.
Arratsaldetan, berriz, Maddalen Iriartek gidatzen duen 'Azpimarra' saioa izango da ikusgai, eta irailaren 28an itzuliko da, berrikuntza ugarirekin. Aurten, Iban Garate eta Ilaski Serrano izango ditu lagun, eta laster estudio berria izango dute. Kulturak toki zabala izango du, zientziak ere bai, eta ekonomia eta politikari buruzko solasaldiak egingo dituzte egunero. Franck Dolosor lankideak egunero ekarriko du Iparraldeko berri. Euskarari eta beste hizkuntzei buruz arituko dira; bidaiei tartea egingo diete; nazioarteko gatazka eta gertakarien tartea indartuko dute; eta musika ere izango dute. Albistegietako lankideekin harreman zuzenean, haiek kontatzen dituztenak azpimarratzen saiatuko dira arratsaldero, 16:15etik 18:30ra.
'Teleberri' , 'Kirolak' eta 'Eguraldia', audientzia buru
'Teleberri' albistegia liderra da Euskadin eta nagusitasun horri eutsi dio azkeneko 35 hilabeteetan. Urte honetan, ETB2ko albistegiak %17,5eko audientzia zatia lortu du eta 214.000 ikus-entzuleko audientzia metatua. Denboraldi berriari begira, Euskadin lidergoa sendotzea du xede, egun-eguneko gai eta albisteak sakontasunez eta gertutik azalduz.
'Teleberri'ren lehen edizioa Africa Baetak aurkeztuko du, eta gauetan Amaia Urkia izango da albistegiaren aurpegia. Asteburuetan, halaber, Estibaliz Ruiz de Azuak jarraituko du 'Teleberri' aurkezten, orain arte bezala.
'Kirolak' da, halaber, kirol informazio saiorik ikusiena Euskadin; %12,4ko audientzia zatia eta 160.000 ikus-entzuleko audientzia metatua eskuratu ditu aurten. Ahalegin horretan jarraituko dute aurrera begira ere. ETB1en Sara Gandara eta Ana Ramos dira kirol berrien gidari; ETB2n, haatik, Jose Ituarterena eta Jon Balentziagarena da ardura hori.
'Gaur Egun' albistegiak, bestalde, euskaldunen artean %6,9ko audientzia lortu du edizio guztietan. Eguerdian, Xabier Usabiaga kazetariak aurkeztuko du albistegia, gauean Jonan Apaolazak, eta asteburuan Amaia Cayerok.
'Eguraldia' tartea audientzian buru dugu EAEn, eta egindako ibilbideagatik eta ikus-entzuleen artean jasotako babesarengatik, aurtengo FesTVal telebista jaialdiko sari berezia jaso du. Denboraldi berri honetan, Onintze Salazarrek zuzenduko du saioa, Andoni Aizpuruk eta Jaione Munarrizek aurkeztuko dute saioa ETB1en, eta Ana Urrutiak, ETB2n. Joan zen urtean bezala, June Ansoleagak emango du eguraldiaren berri asteburu eta jai egunetan.
'Azpimarra+' eta 'Minuto a Minuto'
ETB1en, asteartero, Maddalen Iriartek 'Azpimarra+' albistegi berezia aurkeztuko du 23:15etik aurrera. Joan zen astean, irailaren 8an, Uxue Barkos Nafarroako Gobernuaren Lehendakaria elkarrizketatuz hasi zuen 'Azpimarra+' saioak denboraldi berria, eta astearte honetan, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea izango du Maddalenek platoan. Ildo beretik jarraituko du saioak denboraldi berrian zehar, euskal politikagintza, ekonomia eta kultura eta gizarte mailako emakume eta gizon esanguratsuak elkarrizketatuz eta aktualitateari 'Azpimarra+' egiten.
Horrez gain, aktualitateak dakartzan gaiak sakon aztertzeko ardura izango du Aintzane Bolinagak ETB2ko 'Minuto a Minuto' saio berrian, asteazken gauero. Albistegietako lan-taldeak egingo duen saioa zuzenean emango da, Miramongo estudioetatik, irailaren 16tik aurrera. Saio dinamiko eta bizia izango da, eztabaidak, elkarrizketak eta erreportajeak uztartuko dituena. Datuak alderatuz, ikuspuntu ezberdinak erakutsiz eta iritzi pluraltasuna islatuz, ikus-entzuleak informatzea eta entretenitzea izango dute helburu.
Aktualitatea, eitb.eus-en
Ahalegin horrek guztiak jarraipena eta isla du eitb.eus erreferentziazko web gune multimedian. Uneoro eguneratutako informazioa, bideo eta argazkiekin osatuta, eduki bereziak, zuzenekoak, eta gertaera eta berri garrantzitsuenen inguruko orrialdeak biltzen ditu EiTBko internet atariak.