Itxi

19:00etan, ETB1en

'Burubero', Kike Amonarrizen lehiaketa, astelehenetik ostiralera

EiTB

Euskal Herriko lekuak, jendea, bitxikeriak eta kultura orokorra izango dituzte hizpide astelehenetik ostiralera eskainiko den lehiaketan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

'Burubero' lehiaketa estreinatu du ETBk. Kike Amonarrizek aurkeztuko du astelehenetik ostiralera lehen katean 19:00etan emango den saio entretenigarri eta umoretsua. Lehiaketa honen gai nagusiak Euskal Herriko lekuak, jendea, bitxikeriak eta kultura orokorra izango dira. Jende gehienarentzat ezagunak eta ohikoak diren gaiak eta edukiak erabiliko dira.

Familia guztiari zuzendutako saio originala eta berritzailea da Orio ekoiztetxearen eta ETBren artean egindako 'Burubero' lehiaketa. Euskal hiztunek ez ezik, euskaldun berriek eta euskara ikasten ari direnek ere jarraitzeko modukoa da.

Tonu umoretsua eta alaia izango du 'Burubero'k, esan bezala. Egunero bost lehiakidek jokatuko dute, banaka. Saio bakoitzean, lehiakideetako bat kanporatu egingo dute, eta lehiakide berri bat sartuko da. Helburua finalera iritsi eta zakua edo ahalik eta diru gehien irabaztea izango da.

Honako zazpi proba izango dira saio bakoitzean:

Errondan: Aurkezleak galderak egin eta lehiakideek erantzun zuzena asmatu beharko dute.

Non Gaude?: Bost herri edo lekuren argazkiak eta izenak emango dira, eta lehiakideek galdera bakoitzari zein leku dagokion asmatu beharko dute.

Transmisioa: Bi jubilatuk eta bi haurrek bideo batean kontzeptu ezkutu baten inguruko azalpenak emango dituzte, eta lehiakideek horiek zertaz ari diren asmatu beharko dute.

Definizioa: Definizio bat eman eta lehiakideek hitza asmatu beharko dute. Pantailan erantzunak zenbat letra dituen agertuko da, eta bizpahiru letra, lagungarri gisa.

Aurpegiak: Lanbide desberdinetako bost aurpegi azalduko dira bideoetan. Lehiakideek gustukoen dutena aukeratu eta aurpegiak egiten dizkien galderak erantzun beharko dituzte.

Buruz burukoa: Galderak erantzunez buruz burukora iristen diren bi lehiakideek ahalik eta lasterren egin beharko dute helmugara eramango dituen bidea, baina oztopoak edo laguntzak izango dituzte tartean.

Zakuaren Bila: Gai bat planteatuko da, eta, sei urratsetan, aukera desberdinen arteko erantzun egokia asmatu beharko du finalera iritsi nahi duen lehiakideak. Asmatutako erantzun bakoitzeko 100 € irabaziko ditu lehiakideak, eta denak asmatuz gero, zakua eramango du. Egunero 1.000 € jarriko dira jokoan, eta finalera iritsitako lehiakideak irabazten ez duen kopurua zakura joango da, eta zakua gizendu egingo du, norbaitek eraman arte.

Saioan parte hartzeko baldintza bakarrak euskaraz jakitea eta 18 urte izatea dira. Bertan parte hartu nahi duenak helbide honetara bidali beharko ditu bere datuak (izen-abizenak, adina, herria eta telefonoa): burubero@eitb.eus.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)