22:1ean
'Aprender Euskera: ¡Misión Posible!' saio berezia, gaur, ETB2n
EiTB
Mitoak, errealitatea eta euskararen irakaskuntzaren inguruko testigantzak bilduko ditu 'Tribuaren Berbak' saioko berezi honek, Kike Amonarrizen eskutik.
'Tribuaren Berbak' berezia izango da ikusgai ETB2n gaur gauean,, 'Aprender Euskera: ¡Misión Posible!' izenburupean. Kike Amonarrizek zuzendu eta aurkeztutako saioa 22:15ean eskainiko da.
Zaila al da euskara ikastea? Noraino da hori mitoa eta noraino errealitatea? Japoniar batentzat edo txinatar batentzat, zer da errazagoa, euskara ala gaztelania ikastea? Zenbat lagunek ikasi dute euskara? Zeintzuk izan dira euskara ikasteko izan dituzten eta dituzten arrazoiak? Galdera horiek eta beste zenbait erantzungo dituzte Orio Ekoiztetxeak egindako saioan.
Iñaki Martinez de Luna soziolinguista eta Euskararen gaineko oinarrizko diskurtsoak azterketaren egilearekin egongo da Amonarriz. Lantaldeak Gasteizko kaleetan euskarari buruz bildutako iritzien inguruan arituko da, eta bere ikerketa ere izango du hizpide.
Mikel Morris lexikografo eta poliglota amerikarrak zenbat hizkuntza hitz egiten dituen kontatuko du, eta euskara ikastea erraza edo zaila gertatu zaion azalduko du.
Saio berezi honetarako, euskaltegi eta barnetegietako ikasleekin ere hitz egingo dute, eta euskarari buruz duen iritzia eta euskara non ikasi duten galdetuko diote jendeari kalean.
Horrez gain, Aitziber Gurutziaga eta Maialen Mariscal mintzalagunek euskaraz jarduteko ekimen interesgarri honen nondik norakoak azalduko dituzte.
Helduentzako irakaskuntzaren eskariaz eta errealitateaz mintzatzeko, berriz, Joseba Erkizia HABEko zuzendaria, Mertxe Mugika AEK-ko zuzendaria eta Jon Urdangarin Maizpide euskaltegiko zuzendaria elkarrizketatuko dituzte.
Azkenik, Reyes Prados kazetari eta telebistako aurkezleak bere esperientzia pertsonala eta euskararen irakaskuntzaz duen ikuspegia azalduko du.
Hau guztia umorez, pasadizo harrigarriz eta orain arte ezagutzen ez ziren datuekin zipriztinduko da.