Emanaldi berezia
Donostiako 38. Txistularien Kontzertu Nagusia, gaur, ETB1en
A.A.
EiTB
Iragan irailaren 12an Konstituzio Plazan grabatutako emanaldia gaur izango da ikusgai, 22:00etan.
Donostiako 38.Txistulari Kontzertu Nagusia eskainiko du ETB1ek gaur gauean, 22:00etan. Aste Nagusian ospatzekoa zen, baina eguraldi txarragatik atzeratu zen jaialdia, joan den larunbatean, irailak 12, egin zen Konstituzio Plazan. Xabier Otaegik aurkeztuko du ekitaldia eta Jose Ignazio Ansorenak gidatuko du musikarien emanaldia.
Donostiako Udaleko Txistulari Taldearekin eta Euskal Herriko beste hainbat herritatik etorritako txistulariekin batera, Juan Jose Oconek zuzentzen duen Eskola-Gurutziaga abesbatzak eta Donostiarra Metal Boskoteak –Julio Garcia eta Aitor Gaston (tronpetak), Izaskun Ocon (tuba), Oskar Zurdo (tronpa) eta Patxi Eseverri (tronboia)- hartuko dute parte.
Beste hainbat musikari ere igoko dira oholtza gainera: Jon Irazoki (teklatua), Aitor Arozena (baxua), Xanet Arozena (gitarra), Juantxo Vega (flauta baxua), Agustin Laskurain eta Jose Javier Lera (perkusioa), eta Ainhoa Zubillaga eta Iñigo Vilas (bakarreko kantariak), besteak beste.