Itxi

Bertso saioa

Gaur itzuliko da 'Hitzetik Hortzera' ETB1era

A.A.

EiTB

Azken bi denboralditan bezala, igandero bazkalostean izango dira bertsoak Euskal Telebistaren lehen katean,15:00etatik aurrera.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Gaur itzuliko da 'Hitzetik Hortzera' bertso programa. Azken bi denboralditan bezala, igandero bazkalostean izango dira bertsoak Euskal Telebistaren lehen katean, 15:00etik aurrera. Astelehen gauen eskainiko da bigarren pasea.

Euskal Irrati Telebistaren eta Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen arteko hitzarmenaren baitan, 26 atal izango ditu aurtengo 'Hitzetik Hortzera'k, guztiak Lanku Bertso Zerbitzuak enpresak ekoitziak. Irailaren 27an hasi eta apirilaren 3ra arte luzatuko da denboraldia. Bertsolarien plazako jardunak uzten dituen ale onenekin batera, "bertsogintzan sortzen diren korapiloak askatzen saiatuko" direla diote telebista-saioaren arduradunek, "baita korapilo gehiago eragiten ere". Felix Irazustabarrenak, Benat Gaztelumendik, Jexux Mari Irazuk eta Eneritz Urkolak osatzen dute erredakzioa.

Bertso ekitaldi nagusiek tarte zabala izango dute ETBko parrilan. Ikasturteko ekitaldi bereziei jarraipena egingo zaie 'Hitzetik Hortzera'n: Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa eta Bertso Eguna, besteak beste. Aurrerago eskainiko dira zehaztapen gehiago, baina Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finalaurrekoak egunean bertan (igande gauean) eskainiko dira. Finalaren emisioa nola egin aztertzen ari dira bi aldeak.

Gauzak horrela, 'Hitzetik Hortzera'ren lehen atala gaur izango da, hilaren 27an, 15:00etan, ETB1en; sarean EITBren Nahieran atarian izango da ikusgai. Lehen programak Donostia, Eibar, Bermeo, Alkiza, Elorrio eta Debako saioak eskainiko ditu, baita hasi berri den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehen saioko irudiak ere.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)