Gaur, ETB1en eta ETB2n
Gaztea Cover ekimenaren 2. edizioa, 'EiTB Kultura Transit' saioan
EITB
Horrez gain, Dantzerti eskola eta Judith Argomaniz dantzari eta koreografoaren lana ezagutuko dituzte.
Euskal talde baten abesti baten bertsioa egiteko erronka jarri die oraingoan Gazteak zortzi euskal talderi. Vendetta izango da bere lana erakusten lehena. EH Sukarra taldearen izen bereko kantua moldatu du talde nafarrak. Astez aste, hurrengo zazpi asteetako 'EiTB Kultura Transit' saioetan ikusi ahal izango dira Gaztea Coverren edizio berri honetan parte hartu duten gainerako taldeen emanaldiak. Irratian, Gazteako 'B aldea' saioak egingo dio jarraipena ekimenari.
Dantzerti Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskola abiatu berria sakonki ezagutzeko aukera ere emango du 'EiTB Kultura Transit' saioak. Irakasleek eta ikasleek eskolan eman dituzten lehen pausoak eta etorkizunera begira dituzten erronkak eta desioak azalduko dituzte.
Sortzaileak sailean, Judith Argomaniz dantzari eta koreografoa izango da protagonista aste honetan. 'Gizon haiek' koreografiaz mintzatuko da donostiarra. Dantzaz Konpainiak asteburuan Arriaga antzokian estreinatuko duen Aureo ikuskizuna osatzen duten bost piezetako bat da.
'EiTB Kultura Transit' gaur izango da ikusgai ETB1en eta ETB2n.