Itxi

Aste honetatik aurrera

Xabier Lapitz, Dani Alvarez eta Reyes Prados, 'SIML'eko kolaboratzaile

A.E.

EiTB

Klaudio Landak aurkezten duen saioak atal eta kolaboratzaile berriak izango ditu.

'Sin Ir Más Lejos' aktualitate magazina berrituko dute aste honetatik aurrera. Klaudio Landak arratsaldero ETB2n aurkezten duen saioak atal berriak izango ditu, eta maila handiko hiru kolaboratzaile: Xabier Lapitz, Dani Alvarez eta Reyes Prados.

Ikuspuntu guztiak jorratzen dituen solaskide zerrenda luzeak osatzen duen aktualitate mahaia izango da saioaren ardatza. Egunero kalera irteten jarraituko dute, jendartean arretarik handiena pizten duten gaien azken ordukoa eskaintzeko.

Astean behin izango ditugu 'Sin Ir Más Lejos'en Xabier Lapitz, Dani Alvarez eta Reyes Prados kazetariak. Laster, ETB2n 'En Jake' programa estreinatuko duen Xabier Lapitz astearen hastapenean izango da saioan. Horren eginkizuna, egoera politiko katramilatsua aztertu eta gakoak ematea izango da.

Dani Alvarez Radio Euskadiko 'Boulevard' saioko gidariak gizarte eta politikako lehen mailako pertsonak elkarrizketatuko ditu. Normalean astearteetan izango da Alvarezen tartea. Haatik, estreinako elkarrizketa asteazkenean izango da, eta Andoni Ortuzar EAJko EBBren presidentea izango da gonbidatua. Hurrengo asteetan, besteak beste, Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol diputatuak eta Madrilen Amaiurreko diputatua den Onintza Enbeitak izango dute hitzordua Alvarezekin.

Azkenik, Reyes Prados 'Tú al Norte y Yo al Sur' saioaren aurkezlea izango dugu, zapping eginez bilatzen dituen bideorik harrigarrienak erakusteko.

Albisteen atzean dauden pertsonen bila

Arratsaldero, 16:00etan, aktualitatea zuzenean jorratzen duen saioa ikus-entzuleengana hurbilduko da, eta zeresana emango duten historiak kontatuko ditu. Albisteen atzean dauden pertsonak bilatzea izango da helburua, eta emozioak pil-pilean egongo dira. Egunero, programaren lehen ordu erdian, Klaudio Landak aktualitatearekin zerikusia duten lagunen emozioz beteriko testigantzak bilduko ditu.

Informazio gehiago (1)