Zientzia eta teknologia
Soinuari buruzko 'Teknopolis', asteburu honetan
A.E.
EiTB
Akustika onaz, kutsadura akustikoaz eta errepide isilez arituko dira.
Soinua izango da asteburu honetan 'Teknopolis' saioaren gaia. Hasteko, akustika onaren inguruko erreportajea eskainiko dute. Zer da akustika ona? Eta zer akustika txarra? Galdera horiek buruan, eta EHUko fisikarien laguntzaz, bi tokitan probatu dute akustika Roberto Pacheco saxofonistaren musikarekin, eta ezusteko emaitzak izan dituzte.
Kutsadura akustikoa neurtzeari buruzkoa izango da bigarren ereportajea. Kutsadura akustikoa Europa osoko hiriei eragiten dien arazo larri bat da. Hainbat ikerketen arabera, autoen joan etorriak sortzen du zarata gehien hirietan, kutsadura akustikoaren %80. Industriak, berriz, zarataren %10 sortzen du. AAC Centro de acústica Aplicada zentruan soinu eta bibrazio neurketetan adituak dira. Gasteizko auzo bateko soinu-fokuak aztertzera joan dira beraiekin; sonometroa eta meteorologia-estazioa hartu, eta trafikoak eta industriak sortzen duen soinua neurtu dute.
Azkenik, errepide isilak nola lortu daitezkeen aztertuko dute. Autoen joan etorriak zarata iturria direla esan ohi da. Trafiko handiko errepideen ondoan bizi direnek ondo dakite hori. Europako hainbat ikerketa gunetan lanean ari dira errepideetan sortzen den zarata gutxitzeko. Nola lor daiteke hori? Zarata gutxi sortzen duten asfaltoak eginez.
'Teknopolis' saioa larunbatean 13:30ean dago ikusgai ETB1en eta igandean 09:30ean ETB2n.