Itxi

Estreinaldia

'Navarra: 100 días de cambio' erreportajea, gaur, ETB2n

EiTB

Erakunde garrantzitsuenetan eman diren aldaketa politikoen kudeaketa aztertuko du erreportajeak, eta aldaketa horren protagonista nagusiekin hitz egingo du.

ETB2k Navarra: 100 días de cambio erreportajea estreinatuko du telebistan. 2015eko hauteskundeetan izandako aldaketaren ondorioz Nafarroako erakunde nagusien kudeaketan izan den aldaketaren jatorria aztertzeko, denetariko iritziak jaso ditu. Labrit Multimediak ekoitzi eta Juan Kruz Lakasta kazetari nafarrak gidatutako saioak nafarrek botoen bidez agertu zuten aldatzeko nahiaren oinarriak eta arrazoiak aztertu ditu.

Horretarako, Nafarroan politikaren alorrean protagonista izan diren hemeretzi pertsonaren iritziak jaso dituzte. Besteak beste, Uxue Barkos Nafarroako presidentea, Alfonso Sanchez Tabernero Nafarroako Unibertsitateko errektorea, Javier Esparza UPNko presidentea, Joseba Asiron Iruñeko alkatea, Ainhoa Aznarez Legebiltzarreko presidentea eta Santiago Cervera diputatu ohiak hartu dute parte bertan.

Bestalde, Nafarroako politika eta gizarte arloko hainbat pertsonarekin bildu dira; Patxi Zamora (CAN kasua salatu zuen Kontuz kontsumitzaile, erabiltzaile eta zergadun elkartearen bozeramailea) eta Eduardo Ruiz de Erenchun (kasu horretan Miguel Sanz presidente ohia defendatu duen abokatua), tartean. Halaber, ustelkeria kasuak aztertzeko, Helio Robleda Nafarroako Kontuen Ganberako presidentea elkarrizketatu dute.

Horrez gain, bi presidente ohi eta bi oposizioko buru aurrez aurre jarri ditu erreportajeak: Miguel Sanz eta Juan Cruz Alli presidente ohiak, Juan Jose Lizarbe PSNko legebiltzarkide eta bozeramaile ohia eta Patxi Zabaleta Aralarreko sortzailea. Besteak beste, 2007ko abuztuko kasuaz, hizkuntza diskriminazioaz, UPNko gobernuak egindako herri-lan erraldoiez eta egoera berriaren aurrean alderdiek egin beharreko aldaketez hitz egin dute.

Baina erreportajeak ez ditu bakarrik politikarien iritziak bildu. Hainbat taldek eta elkartek ere, euren ikuspuntua emateko aukera izan dute, baita kaleko herritarrek ere.

Navarra: 100 días de cambio erreportajea gaur izango da ikusgai, 22:30ean, ETB2n.