ETB1en eta eitb.eus-en
'Oreka' kirol saio berria, Sara Gandararen eskutik, igandero
A.A.
EiTB
Emakumeen kirolari tarte berezia zabalduko dio ETB1ek gaurtik aurrera, eta emakume eta gizonentzat antolatutako lehiaketak ere bultzatuko ditu.
Gaurtik aurrera, 'Oreka' kirol saio berria izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en. Sara Gandarak gidatuko duen programak tarte berezi bat zabalduko dio emakumeen kirolari, goren mailan ari diren euskal klubei jarraipena eginez, batik bat futbolean, eskubaloian eta saskibaloian. Bestalde, emakume eta gizonentzat antolatutako lehiaketak bultzatuko ditu, hala nola, atletismoa, triatloia, arraunketa...
'Oreka' saioak alternatiba berritzaile bat sortu nahi du igande eguerdiko kirol programazioan. Bi ardatz nagusi izango ditu programak: batetik, erretransmisio bat, gehienetan zuzenean egingo dena; bestetik, erreportaje osagarri bat, beste kirol hitzordu bati buruzkoa.
Estatu mailako liga nagusietan lehian ari diren euskal taldeen emanaldiak eskainiko ditu 'Oreka' saioak. Futbolean, Athletic, Real eta Oiartzun; eskubaloian, Bera Bera Donostia, Zuazo Barakaldo eta Aiala Zarautz; eta saskibaloian, Gernika Bizkaia, IDK Gipuzkoa eta Azkoitia-Azpeitia.
Urtean zehar beste hainbat kirol lehiaketa antolatzen dira Euskal Herrian emakume eta gizonei zuzenduta: krosak eta maratoiak, batel eta trainerila txapelketak, triatloiak, gimnasia erritmikoa, fitnessa... Horiei ere jarraipena egingo zaie 'Oreka' saio berrian, emanaldien bitartez edo erreportaje zabalen bitartez.
Hasteko, igande honetan, Behobia-Donostia lasterketari buruzko saio berezia gidatuko du eguerdiko 12etatik aurrera Sara Gandarak Donostiatik zuzenean. Juanan Legorburu lankide eta atletismo gaietan aditua izango du alboan, lasterketa arrakastatsu honen 51. edizioak eman duena kontatzeko (sailkapenak, bitxikeriak, etab). Anartz Agirrek, berriz, protagonistak elkarrizketatuko ditu.
Zuzeneko emanaldiaren ostean, bezperan Barakaldon jokatutako eskubaloiko Emakumeen Ligako Prosetecnisa Zuazu-Rocasa Gran Canaria partidaren berri emango dute Jon Ander Gorospe kazetariak eta Jose Inazio Altube adituak.
Datorren igandean, azaroak 15, Euskalgym 2015 jaialdia eta Atapuercako krosa izango dira ikusgai 'Oreka' saioan.
oan.