Itxi

22:30ean, ETB2n

Urduritasuna, desengainuak eta ustekabeak, gaur, 'Tú al Norte'n

Kanporatutako bi lehiakide berriz itzuliko dira saiora, eta beste bi lagun kanporatuko dituzte gaurko atalean.

Urduritasuna, desengainuak eta ustekabeak izango dira gaurko 'Tú al Norte y Yo al Sur' saioko atalaren protagonistak. Izan ere, kanporatutako bi lehiakide berriz itzuliko dira saiora, eta beste bi lagun kanporatuko dituzte. Finala gero eta hurbilago dago, eta mahukak jaso eta indarrez arraun egin beharko dute lehiakideek beren harrera-herriko seme-alaba kutun izateko borrokan beste astebetez jarraitu nahi badute.

Kanporatutako bi lehiakideren itzulerak markatuko du saioa. Bata goizean goiz bueltatuko da saiora, eta bestea, aldiz, iluntzean.

Gaurko probak euskaldunak eta andaluziarrak senidetu egingo ditu; izan ere, arraunean egin beharko dute, eta arraun egitea bi lurraldeetako usadioa da. Dena den, tradizio horrek zenbait desberdintasun ditu batetik bestera, eta, ondorioz, egoera dibertigarriak zein konparazio ezatseginak sortuko dira.

Euskaldunak Malagara joango dira, Pedregalejo marinel-auzora, eta Malagako jábega ontziak (xebeka txikiak) ezagutuko dituzte. Bertan egin beharko dute arraun, eta, gainera, beste proba bat ere egin beharko dute Malagako hondartzetan… Gai izango al dira sardinak burruntzian sartzeko arraina birrindu gabe?

Gurean, aldiz, sorpresa handi bat jaso ostean, beren indarra eta trebetasuna erakutsi beharko dute andaluziarrek traineruetan. Oriora joango dira, eta bertako arraun taldearen izen handiko arraunlariek hartuko dituzte. Andaluziarren pazientzia nolakoa den ikusiko dugu bertan.

Lehiaketaren azken fase honetan, parte-hartzaileak ezin dira erlaxatu, eta emozioak ongi kudeatu behar dituzte, jakintsuen kontseiluaren onespena lortu eta beste astebetez saioan jarraitzeko.

Jakintsuen kontseilu biek dute ezinbestekotzat herritarren eskutik informazioa jasotzea, eta lehiakideek Ardalesko eta Getariako herritarren artean duten egokitzapen ahalmena neurtuko dute.

Egoera larrian dauden zenbait herritarri lagundu beharko diete euskaldunek Ardalesen. Bestalde, andaluziarrek neskatan eta mutiletan egin beharko dute Getarian. Ez dela hain zaila? Badakigu! Baina euskaraz egin beharko dute...

Emozioak, urduritasuna, nekea eta ilusioa ezin dira, dagoeneko, disimulatu saioaren azken fase honetan; Ardalesko eta Getariako bizilagunen iritziak jasoko dituzte lehiakideek, eta kanporatzeak gero eta era kaskarragoan jasoko dituzte. Nork utziko du lehiaketa aste honetan? Nork izango du berriz itzultzeko aukera?

Erantzuna, gaur, 22:30ean, ETB2n.

Informazio gehiago (1)