Zinea
Zinerik onena, abenduan, 'La Noche de...'n
EITB
Felix Linaresek aurkeztutako saioak honako film arrakastatsuak eskainiko ditu: The hunger games, Gangser Squad, The king's speech, J. Edgar, Hitman eta Intouchables.
'La Noche de...' saioak zinema eskaintzarik onena prestatu du abendurako. Felix Linaresek aurkezturako saioak zine arrakasta handiak emitituko ditu astez aste: The hunger games, Gangser Squad, The king's speech, J. Edgar, Hitman eta Intouchables. Telebistako pantaila txikira aktore handien interpretazioak ekarriko ditu saioak eta, besteak beste, Jennifer Lawrence, Collin Firth, Sean Penn, Clint Eastwood eta Leonardo Di Caprio ikusiko ditugu. Saioak, gainera, pelikula bakoitzaren datu guztiak emango ditu emanaldiaren aurretik, asteartero, 22:30ean, ETB2n.
Azaroa amaieran eman dio hasiera 'La Noche de...' saioak arrakasta zine zikloari, eta The hunger games saga ezagunaren lehenengo pelikula eskaini du. Jennifer Lawrence aktorea da protagonista, eta Kapitolioak bere inguruko 12 auzoak gogor kontrolatzen dituen etorkizuneko garaian dago girotuta. Urtean behin, auzo bakoitzak 12 eta 18 urte bitarteko neska bat eta mutil bat bidali behar ditu 'Hunger Games' lehiaketara, telebistaz eskainiko den hil ala biziko lehiaketara, hain zuzen ere. Katniss Everdeenek (Lawrence) bere ahizpa ordezkatuko du jokoetan, eta gainontzeko partaideak gailendu beharko dituzte bizirauteko.
Abenduan eskainiko den lehenengo filma, Ganster Squad izango da. 1949ko Los Angeles hirian girotuta dago eta Sean Penn aktorea 'Mickey' Cohen gangsterraren azalean sartuko da. Josh Brolin eta Ryan Goslin, berriz, LAPDko talde bereziko kideak izango dira, eta gangster boteretsua atxilotu eta hark lortutakoa desegiteko helburuarekin edozer egiteko prest egongo dira.
The king's speech norbere mugak gainditzeari buruzko istorio hunkigarria da. Collin Firth aktoreak lan bikaina egin du George VI Ingalaterrako erregea hezurmamituz. Erregearen hitz totelkeria eragozpen larria da bere karguaren zereginetan, eta Lionel Logue (Geoffrey Rush) logopeda adituari laguntza eskatuko dio. Teknika oso bereziak erabiliz, erregearen zailtasuna zuzenduko du Lionelek. Filmak lau Oscar sari lortu zituen, besteak beste, pelikula onenaren saria, eta Firthentzat aktore onenaren saria.
Arrakasta zine ziklo batean, ezinbestekoa da Clint Eastwooden pelikularen bat eskaintzea. Kasu honetan, 'La Noche de...'k Eastwooden J. Edgar pelikula emango ditu.
J. Edgar Eastwooek zuzendutako filma moldeak hausten dituen 'biopic'-a da, eta ia 50 urtez FBIko zuzendari nagusia izan zenaren bizitza azaltzen du. Edgar jaunak Estatu Batuetako hainbat pertsonaia garrantzitsuren sekretuak zituen bere esku eta, horren ondorioz, herrialdeko pertsonaia boteretsu eta beldurgarrienetako bat bilakatu zen. Bada, Edgar pertsonaiaren papera eginez, Leonardo Dicapriok aktore onenaren Urrezko Globo Sarietarako izendapena lortu zuen.
Bestalde, Hitman izeneko akziozko pelikula ere izango da ikusgai abenduan. Hitman izeneko bideojokoen telesailaren moldaketa lana da, Xavier Gens zuzendari eta Timothy Olyphant, Dougray Scott eta Olga Kurylenko protagonista dituela.
Amaitzeko, 'La Noche de…'ren urteko azkeneko pelikula Intouchables izango da. Komedia dramatiko hunkigarri honek kritika eta publikoaren babesa jaso zuen, eta elkarren kontrako bi mundutik datozen protagonisten adiskidetasun istorioa azalduko du. Aristokrata tetraplegiko aberats batek auzo marjinal batean bizi den laguntzailea kontratatuko du; hasieran oso harreman zaila zirudiena, benetako adiskidetasun leiala bilakatuko da.