Kargatzen...
Itxi

22:30ean

'Tu al Norte y Yo al Sur. El Encuentro', gaur, ETB2n

EITB

EITB

Realityak izandako arrakastaren ondoren, ETB2k atal berriak eskainiko ditu. Amezketan eta Utreran kokatuko da oraingo abentura.

Ikus-entzuleen harrera beroaren ostean, ETB2k 'Tu al Norte y Yo al Sur' saioaren edizio berria jarriko du martxan gaurtik aurrera: 'El Encuentro'. Andaluziako lau lehiakide Euskadira etorriko dira lau euskal lehiakide aurrez aurre ezagutzera. Orain arte telebista bidez izan dute elkarren berri. Baina oraingoan, zortziek batera bizi beharko dute eta hainbat proba gainditu beharko dituzte.

Lehenengo bi ataletan, andaluziarrak Euskadin nola moldatzen diren ikusiko dugu. Aurreko egonaldiaren ondoren, euskaldunak euren herrian gainditzeko gai ikusiko dira. Baina bi taldeen arteko kultur-talka handia izango da, eta, gainera, orain arte ezagutu ez dituzten hainbat euskal ohiturekin egingo dute topo. Hurrengo bi ataletan, euskaldunek joan beharko dute Andaluziara.

Oraingo honetan, abentura Amezketa eta Utrera herrietan kokatuko da. Baina Euskal Herriko eta Andaluziako beste hainbat tokitan ere ibiliko dira.

Lehiakideak

Edizio berri honetan parte hartuko duten lehiakide euskaldunak hauek dira: Ekain, realitya irabazi duen Mañariako baserritarra; Irati Amets, 18 urteko ikasle gasteiztarra; Jonpe, Errenteriako arraun taldeko presidente, ingeniari eta irakaslea; Jeaninne, Portugaleteko komertziala, eta Maialen, Lezoko neska gaztea.

Andaluziako lehiakideen artean, irabazle izan den María 18 urteko cadiztarrarekin batera, Pedro marbellarrak, Joaquín Esteponako erretirodunak eta Alberto Jerez de la Fronterako gazteak hartuko dute parte abentura berri honetan.

Probak

Orain arte bezala, hainbat proba eta erronka gainditu beharko dituzte lehiakideek. Euskadin, adibidez, zesta-puntan, txinga jokoan eta sokatiran arituko dira. Halaber, Ezpeletara egingo duten bisitan, andaluziarrak harritu egingo dira bertan euskaraz hitz egiten dutela eta ikurrinak eta lauburuak nonahi daudela ikustean. Bertso-afariak ere ezagutuko dituzte, eta bertsoren bat botatzera ere ausartuko dira.

Andaluziako egonaldian, bertako kultur eta ohituretan murgildu beharko dute euskaldunek. Hala nola, kriskitinak jotzen ikasi beharko dute, El Rociorako gurdiak apaintzen, Aste Santuko irudiak eramaten...

'Tu al Norte y Yo al Sur. El Encuentro' astelehen gauero izango da ikusgai ETB2n, 22:30ean.

Informazio gehiago (1)