Itxi

Abenduaren 4tik 8ra

50. Durangoko Azokari leihoa zabalduko dio EiTBk

A.A.

EiTB

Euskal kulturaren topagune nagusiaren inguruko berriak telebista, irrati eta Internet bidez jarraitu ahal izango dira.

50. Da! lelopean, ostiral honetan zabaldu ditu ateak Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokak. Abenduaren 4tik 8ra bitartean, euskal kulturaren topagune eta erakusleiho izango den azokaren jarraipena egingo du EiTBk, telebista, irrati eta Internet bidez.

Ezer baino lehen, 50. Durangoko Azoka honetan Euskal Irrati Telebistak izan duen esku-hartzea azpimarratu behar dugu, egitaraua eta eskaintza antolatzen zuzenean parte hartu baitu. Honela, bada, EiTBren eskutik, ostiralean, San Agustin aretoan egingo den irekiera ekitaldian, Azokaren bilakaerari buruzko erreportaje bat izango da ikusgai. 'EiTB Kultura' saioko lantaldeak prestatu duen bideoan, Azokaren antolatzaile den Gerediaga elkarteko presidente izandakoek azokaren hastapenak eta mende erdi honetan bizitako une garrantzitsu eta bereziak gogoratuko dituzte.

Bestalde, igandean, Irudienea gunean, 'Goenkale, azken bizipenak' ekitaldia egingo da. Bertan, 21 urteko ibilbide luze eta emankorrari amaiera emango dion telesailaren azken hiru atalak eskainiko dira esklusiban. Halaber, Gazteak antolatutako Youtuberrak lehiaketaren inguruan, bi ekitaldi egingo dira Durangoko Azokan. Ostiralean, Julen Hernandez youtuber gazteak mintzaldia eskainiko du, eta, asteartean, lehiaketaren sari banaketa egingo da. Hiru ekitaldi hauek Azoka Telebistaren bitartez jarraitu ahal izango dira eitb.eus atarian.

Saio bereziak Landako gunetik

Telebistako eta irratiko hainbat saio bertaratuko dira datozen egunetan Durangora, bertatik zuzenean emateko. Ostiralean, ETB1eko 'Azpimarra' saioko Ilaski Serrano eta Iban Garate arituko dira Landako gunetik. Larunbatean, Euskadi Irratiko 'Landaberri' saioa egingo dute azokatik, goizeko 9etatik 10etara. Jakoba Errekondok entzuleen galderei erantzungo die, bai irratiz, baita Durangon irratira gerturatzen direnei ere.

Astelehenean, Gazteakoen txanda izango da. 'B aldea' irratsaio berezia egingo dute Ainhoa Urretabizkaiak, Xabier Doncelek eta Antton Telleriak 18:00etatik 19:00etara (eitb.eus-en ikusgai izango da, streaming bidez). Asteartean, berriz, Radio Euskadiko 'Boulevard' saioa egingo da Durangotik, goizeko 9ak eta eguerdiko ordu bata bitartean, Loreto Larunbek gidatuta.

Eguneko kronikak telebistan eta irratian

ETBko 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegiek egunero zabalduko dute azokaren leihoa, zuzenean Landako gunearekin bat egiteko. Bertatik, ekitaldi nagusien berri eman, eta protagonistekin eta bisitan doazen herritarrekin hitz egingo dute. Horrez gain, ETB1en, egunez egun gertatu den guztiaren irudi bilduma eskainiko dute gauero.

Euskadi Irratian, 'Faktoria' saioa zuzenean egongo da azokako lehen egunean, eta asteburu eta jaiegunetako 'Amarauna' saioak ere egingo ditu zuzeneko konexioak. 'Arratsean' saioak jarraituko du, azken asteotan ari den moduan, Durangon aurkeztuko diren nobedadeei lekua eginez.

Radio Euskadiko irratsaio guztiek egingo dute Durangoko Azokaren jarraipena, eta zehaztasun gehiagorekin, 'Iflandia' kultur saioak. Gaztean, asteburu osoan zehar, Ainhoa Urretabizkaia izango dugu berriemaile Durangotik.

Atari berezia eitb.eus-en

Irrati zein telebistako eduki guztiak eitb.eus-ek Durangoko Azokari eskainitako atari berezian egongo dira ikusgai eta entzungai. Bertan, azokaren egunez eguneko jarraipena egingo dute, albiste, bideo eta argazkien bitartez. Horrez gain, Azoka TBko programazioa zuzenean jarraitzeko aukera eskainiko du.

Bestalde, Gaztearen webguneak streaming bidez emango ditu Ahotsenea eta Plateruena guneetako kontzertuak, baita astelehenean Durangotik bertatik egingo den Gazteako 'B aldea' irratsaio berezia ere.

Informazio gehiago (1)