ETBn
Begoña Lazkano piraguista, gaur, 'BAT To Rio' saioak
A.A.
EiTB
Bi urte daramatza Sevillan datorren udako Olinpiar Jokoak prestatzen.
Datorren udako Olinpiar Jokoetan parte hartzeko duela bi urtez geroztik Sevillan prestatzen ari den Begoña Lazkano piraguista pasaitarra hartuko du protagonista 'BAT To Rio 2016' saioak. Larunbatean ETB1en eta ETB2n ikusgai izango den erreportajean, bere nortasuneko bi alderdi nagusiak erakutsiko ditu Begoñak: nazioarteko kirol-hitzordurik nagusienean lehiatu nahian dabilen eliteko kirolariarena eta kazetaritza-bokazioarena.
Kamerek Begoña Lazkanoren Sevilla aldeko prestaketaren nondik norakoak eta etxera trenez egin ohi dituen joan-etorri azkarrak erakutsiko dituzte, baita kirolariaren kazetaritza-bokazioa ere, piraguistak berak landutako Kirola jolas erreportajea baita programaren ardatz nagusia. Izan ere, piraguista gipuzkoarrak goi-mailako entrenamenduekin uztartzen ditu Madrilgo Rey Juan Carlos Unibertsitatean modu erdi presentzialean egiten ari den Kazetaritzako ikasketak.
Begoña Lazkano (Pasaia, 1994/01/14) haurtzaroko lagun batekin batera murgildu zen piraguismoaren munduan, 10 urte besterik ez zituela, eta pixkanaka, kirola entrenamendu hutsa izateari utzi eta erabateko bizimodu bilakatu zen. Duela bi urtez geroztik, Sevillan bizi da, Estatuko piraguismo taldearekin batera, datorren urteko maiatzean Rioko Olinpiar Jokoetarako txartela eskuratzeko asmoz.
Hauek dira orain arte izan dituen lorpenik handienak: brontzezko domina 2011ko Munduko Junior Txapelketan eta golardo berbera Olinpiada Unibertsitarioan. Horiez gain, gogoan hartzeko moduko beste lorpen batzuk ere izan ditu nazioarte mailan, sei aldiz sailkatu baita Munduko eta Europako Txapelketetako nahiz Olinpiada Unibertsitarioko 10 lehiakide onenen artean. Bakarka lehiatzen da K1 kategorian, nahiz taldeka (K2 eta K4), 200, 500 eta 1.000 metroko probetan.
'BAT To Rio' gaur emango da eguerdiko 'Teleberri'ren aurretik, ETB2n; eta iluntzeko 'Gaur Egun'en ondoren, ETB1en.
rong>en.