Itxi

22:30, ETB2n eta eitb.eus-en

Zinta-dantza, irrintzia eta sokatira, gaur gauean, 'El Encuentro'n

EiTB

Eskupilota eta bertsolaritza ondo baino hobeto menperatu ondoren, andaluziarrek erronka berriak proposatuko dizkiete euskaldunei, aste honetako saioan.

'Tú al Norte y Yo al Sur: El Encuentro' saioko bigarren programan, lehiakideek Amezketan elkarrekin bizitzen jarraituko dute. Aste honetan, euskaldunek eta andaluziarrek osatzen duten koadrila berriak hainbat jardueratan lehiatu behar izango da. Maria, esaterako, perretxiko bila joango da mendira aurreneko aldiz, eta Gorka Aginagaldek, berriz, euskal kulturari buruz andaluziarrek duten ezagutza probatuko du.

Horrez gain, Jose Luis Vallejoren agindupean, lehiakide guztiek zinta-dantza ondo menperatzen lortu beharko dute, Udaberri Dantza taldearen laguntzarekin. 'Tú al Norte y Yo al Sur' saioko lehenengo atalean euskal dantzak ikasi zituzten arren, ikustear dago, oraingoan, andaluziarrek emaitza hobetzeko gai izango diren. Horren ostean, Nagore Narbaez irrintzilariak lehiakideek egiten dituzten irrintziak epaituko ditu.

Aste honetan ere, kirola izango da protagonista. Patxi Larrearen eta Xanta Sousaren eskutik, euskaldunek eta andaluziarrek herri kiroletan ohikoak diren bi proba egin behar izango dituzte: txinga eta trontza. Euskadin izandako egonaldi luzearen ondoren, euskaldunak bezain euskaldun direla frogatu beharko dute andaluziarrek.

Amaierako erronkan, bi taldeek sokatiran lehiatuko dira, Ibarra Sokatira taldearen laguntzarekin.

'Tú al Norte y Yo al Sur: El Encuentro' Pausoka Entertainmenteko ekoizpena da, eta astelehenero dago ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.