Itxi

22:20an

'Zergatik niri?', 'Objetivo Euskadi' saioan, gaur gauean, ETB2n

Aste honetako protagonistek ezbehar larria izan dute, edo gaixotasun larria dute, eta, ondorioz, bizitza goitik behera aldatu zaie. Bizimodu berriari nola egiten dioten aurre kontatuko digute saioan.

"Zergatik niri?" eta "Zer egin dut nik hau merezi izateko?" dira aste honetako protagonistek beren buruari egin izan dioten galderetako batzuk. Bai horiek bai euren senideek ahalik eta ondoen egin diote aurre bizimodu berriari. 'Objetivo Euskadi' erreportaje saioan kontatuko digute, gaur, 22:20an, ETB2n.

Juli Martelo bizitasun eredu da. Bikotekidea gidari zela, auto-istripua izan zuen eta bizi osorako gurpil-aulkian gelditu da. Hala eta guztiz ere, zortea izan zuela uste du, ohe batean ezin altxatuta ez delako gelditu; jarrera horrek berak eraman du, hain zuzen, Irungo kiroldegiko igerilekuko “la sirenita” izatera.

Bestetik, 17 urte zituela, lanbide-heziketako praktikak egiten ari zela, 8 hatz galdu zituen Mikel Herrerak, eta haren bizia irauli egin zen. Egun, lau urte geroago eta hatzak berrezarrita, zailena dagoeneko pasatu dela eta bere lana egiteko ez duela arazorik dio.

Anderrek (10 urte) gaixotasun arraroen artean sailkatutako gaitz bat du: Dravet sindromea. Sendagaietan aditu egin dira horren gurasoak, eta alerta egoeran bizi dira une oro. Semea pozik bizitzea dute helburu bakarra, eta lortzen ari dira.

Rakel Mateo supermerkatuan 100 kilo inguruko zama mugitzen ari zela, ezkerreko hanka gainera erori zitzaion zama osoa eta ondorio larriak utzi zizkion. Paradoxa iruditu arren, bizitza onerako aldatu zitzaiola uste du; kirola ezagutzeak eta txapeldun paralinpikoa izateak bizitza hobetu dio.

Baina kasu guztiak ez dira berdinak, eta guztiek ez dute lortu horren ondo egitea aurre egoerari. Natividad Egiak 4 urte daramatza ia ohetik ere mugitu ezinik; sabela txikitzeko ebakuntzan ustezko mediku akats bategatik paraplegiko gelditu zen; auzibidean da kasua egun.

Amiantoak, silikosiak edota soldatzeko keak laneko gaixotasun ugari eragin dituzte. Felix Casadoren kasuan, esaterako, minbizia eragin diote, eta gustukoen dituen ekintzak egin ezinik utzi dute.

Bizipen horiek guztiak ezagutuko ditugu 'Objetivo Euskadi' erreportaje saioan, 'Zergatik niri?' izenburupean, gaur gauean, 22:20an, ETB2n.

ETB2n.

Informazio gehiago (1)