Saio berezia
'Herri Txiki Kantari Euskal Kantuen Gauean', Gabon-gauean, ETB1en
A.A.
EiTB
Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik gidatuko duten emanaldian aurpegi ezagunak ikusiko ditugu kantuan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
'Herri Txiki Kantari Euskal Kantuen Gauean' saio bereziarekin ospatuko du ETB1ek aurtengo Gabon-gaua. Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik gidatuko duten emanaldia 'Herri Txiki, Infernu Handi' eta 'Euskal Kantuen Gaua' saioen arteko uztarketa bat izango da, eta Mungian grabatu zen abenduaren 10ean, bertan baitago Olentzeroren etxea. Bi aurkezleen abenturak eta gorabeherak ezagutzeaz gain, euskal gizarteko aurpegi ezagunak ikusiko ditugu kantuan.
Zuhaitz eta Pagadi helburu garrantzitsu batekin iritsiko dira Bizkaiko herri honetara: Olentzero topatzea. Bilaketa horretan, Mungian barrena arituko dira, bai herriaren erdigunean bertan eta baita herriaren inguruko baserrietan ere. Emanaldi nagusia Andra Mari aretoan egingo dute.
Euren ibilaldiaren berri ematearekin batera, kantariei oholtza gainera igotzeko gonbita egingo diete. Eginbehar horretan arituko dira bost alkate euskaldun, 'Bagare' abestuz: Juan Mari Aburto (Bilbo), Joseba Asiron (Iruñea), Gorka Urtaran (Gasteiz), Michel Etchebeste (Maule) eta Eneko Goia (Donostia).
Durangoko Azokaren 50. urteurrena izan berritan, Aizpea Goenaga, Mariasun Landa, Gontzal Mendibil, Arantxa Urretabizkaia, Xabi Paya eta Zuriñe Hidalgo bilduko dituzte 'Euskal Herrian euskaraz' kantatzera.
Herri-kiroletako desafioetan buru-belarri aritzen diren lau lagun (Aitzol Atutxa, Joxe Mari Olasagasti, Irati Astondoa eta Alatzne Etxaburua) 'Maritxu' abesten entzungo ditugu. Oinatz Bengoetxea, Pablo Berasaluze, Iker Irribarria eta Joseba Ezkurdia pilotariek, berriz, 'Aldapeko' kantatuko dute.
Alex Sarduiren 'Euritan dantzan' kantarekin ausartuko dira Pasai Donibaneko neska arraunlariak. ETB1erako grabatzen ari den 'Eskamak Kentzen' telesaileko protagonistetako batzuek, Elena Iruretak, Loli Astorekak, Karmele Larrinagak, Amaia Irazabalek eta Ainara Ortegak, 'Beti eskamak kentzen' kantatuko dute.
Bi sukaldari, David de Jorge eta Ramon Roteta, ere arituko dira Gabon-gaueko saio berezian kantuan, 'Txantxibiri' ezagunarekin, eta Zea Maysen 'Negua joan da ta' eskainiko digute ETBko hainbat aurkezlek: Ibon Gaztañazpi, Olga Zabalgogeaskoa, Xabier Lapitz, Klaudio Landa, Julian Iantzi, Ana Urrutia eta Jose Ituarte.
Halaber, Reyes Pradosek, 'Tú al Norte y Yo al Sur' realityan lehiakide izan diren Irati Amets, Ekain eta Maialenekin batera, 'Nor-nori-nork' kantatuko du.
Oholtza gaineko emanaldiak ez ezik, aurrez grabaturiko bideoklipak ere izango dira ikusgai 'Herri Txiki Kantari Euskal Kantuen Gauean'. Bideoetako batek Euskal Futbol Selekzioko ordezkaritza bat hartuko du protagonista: Iñaki Williams, Gorka Iraizoz, Asier Riesgo, Dani Garcia, Gaizka Toquero, Oier Sanjurjo eta Roberto Torres. 'Ikusi mendizaleak' kantatuko dute, Joseba Irazoki musikariaren laguntzaz.
Baigorritik, Niko Etxartek 'Eperra' eskainiko digu, eta Leixuri Arrizabalaga (EAJ), Rebeka Ubera (EH Bildu), Nerea Llanos (PP) eta Gorka Maneiro (UPyD) legebiltzarkideek 'Kolore, kolore' abestuko dute.
24 ordu Herri Txikin izeneko bideoklipean, Otxandio, Aulesti eta Mañariko herritarrak ikusiko ditugu Oskorriren 'Furra, furra' kantatzen.
Ekitaldiari amaiera emateko, parte-hartzaile guztiek batera 'Olentzero' eta 'Hator, hator' Gabon-kantak abestuko dituzte Mungiako abesbatzako kideen laguntzaz.