15:00ean
Anjel Lertxundiri elkarrizketa, arratsaldean, 'Sautrela'n
EITB
Erreportajean, Roland Barthes literatura kritikariaren erradiografia egingo du saioak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Anjel Lertxundiren bisita izango dute aste honetako 'Sautrela'n. Zu izeneko liburua argitaratu du berriki idazle oriotarrak, bizitza eta maitasun gaietan ardaztutako liburua. Kontakizuneko pertsonaiaren emazteari pankreaseko minbizia diagnostikatu diote, eta horrek eguneroko kontuak biltzen zein literaturan aterpetzen jartzen du protagonista. Lertxundi beraren esanetan orain arteko lanik autobiografikoena da Zu.
Erreportajean, Roland Barthes literatura kritikariaren erradiografia bat egingo du 'Sautrela'k. Aurten bete dira ehun urte Barthes Cherbourgen jaio zela. Frantzian sekula izan den literatura kritikaririk sonatuenetakoa da Barthes, eta lotura handia izan zuen Euskal Herriarekin, Baionarekin bereziki. Ez zuen eleberri edo gisa horretako kontakizunik sekula argitaratu, baina lortu zuen semiologia eta literatura kritika modu artistikoan kontatzea. Baionako unibertsitateko Ur Apalategi eta Pierre Vilar irakasleek emango dute Roland Barthesen berri.
Juan Luis Zabalak Pablo Sastreren Kristalezko bularrak liburua ekarriko du. Izenburuak zerbait hauskorra edo sentibera iradoki dezakeen arren, gizartearen erretratu gordina egin zuen Sastrek 90eko hamarkadan kaleratutako liburu honetan.
'Sautrela' gaur emitituko da, 15:00etatik aurrera, ETB1en.