ETB1en eta ETB2n
Dastamenaren munduan barrena, aste honetan, 'Teknopolis' saioan
A.A. | EiTB
Dani Lasa eta Ramon Perisé Mugaritzeko sukaldarien eskutik, zaporeen munduan murgilduko dira.
Dastamenaren munduan barrena eramango gaitu aste honetan 'Teknopolis' saioak. Gai honetan adituak diren Dani Lasa eta Ramon Perisé Mugaritzeko sukaldariek erakustaldi bat egingo dute programarako. Bertan erakutsiko digute hainbat zentzumen dagoela (ez bakarrik ahoa edo mingaina) zaporeak nabaritzearen atzean, zaporeak kulturalak direla edo konfidantza izan behar dela gauza berriak edo itxura txarrekoak dastatzerakoan.
Kolesterolari buruz ere jardungo dira. Kolesterol maila jaisten laguntzen duen ogi bat ezagutuko dute hain zuzen ere. AZTIn garatu eta Okin okindegiaren eta Eroskiren parte hartzearekin merkaturatu berri da ogi hau.
Azkenik, Bidasoa ibaiko izokin-populazioaz Nafarroako Gobernuak egin duen azterketaren berri emango dute. Ibaian gora doazen ale guztiak zenbatu, neurtu eta sailkatu egiten dituzte, espeziea babesteko helburuarekin.
Elhuyar Fundazioak ekoiztutako saioa larunbat eguerdian, 13:30ean, egongo da ikusgai ETB1en; eta igande goizean, 09:30ean, ETB2n.