Audientzia
920.000 lagunek egin zuten bat ETB2rekin hauteskunde gauean
A.E./EiTB
ETB1eko 'Hauteskundeak' saioak, berriz, 258.000 laguneko audientzia metatua izan zuen.
Euskal Telebistak hauteskunde gaua jarraitzeko prestatutako saio bereziek ikusleen arreta piztu zuten. Hartara, ETB2n 920.000 ikus-entzulek egin zuten bat uneren batean 19:15etik aurrera abian jarritako saioekin, EAEn eta eragin esparruan. Estibaliz Ruiz de Azuak, Africa Baetak eta Xabier Lapitzek aurkeztu zituzten saio berezi hauek. Halaber, 21:00etatik gauerdira eskainitako tarteak %14,3ko audientzia izan zuen EAEn. Hain juxtu, tarte honetan, emaitzak, adituen hausnarketak eta politikarien erreakzioak bildu ziren bata bestearen jarraian.
ETB1en, berriz, 258.000 laguneko audientzia metatua eskuratu zuen 20:00etatik aurrera Maddalen Iriartek eta Xabier Usabiagak aurkeztutako 'Hauteskundeak' saioak.
100 pertsona baino gehiagoko lantaldea mugitu zuen ETBk, hauteskunde gauak eman zuen guztiaren gaineko minutuz minutuko jarraipen zabala erredakzio nagusitik egiteko eta alderdien egoitzetako erreakzioak zuzenean jasotzeko.
eitb.eus-en 100.000 erabiltzaile bakarretik gora
eitb.eus-ek 100.000 erabiltzaile bakarren langa gainditu zuen. Hain zuzen ere, abenduko aurreko bi igandeetan izandako audientzia, ia %50 baino gehiago izan zuen.
Edukirik ikusienak lurraldeko eta herriz herriko hauteskunde emaitzak izan ziren. EiTBk argitara eman zuen zundaketaren laburpen eta grafikoak bisita ugari izan zituzten.
Horien atzetik honako hauek izan ziren ikusmin gehien piztu zituzten edukiak: ETB, Euskadi Irratia, Radio Euskadi eta Radio Vitoriako saio bereziak biltzen zituzten orrialdeak, eta hauteskunde web gune bereziko eduki idatziak eta idatzi multimediak.