23:15ean, ETB1en
'No More Tour', Fermin Muguruzaren ibilbide musikala, gaur gauean
A.H. | EITB
Kontinente ezberdinetatik zehar egindako bost hilabeteko bira musikala bilduko duen dokumentala eskainiko du ETB1ek asteazkenean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gaur gauean, ETB1ek 'No More Tour' dokumentala eskainiko du, Fermin Muguruzaren 30 urteko ibilbide musikala errepasatuko duen saioa. 2013an, bost hilabete iraun zituen 'No More Tour' bira eskaini zuen musikari irundarrak, eta munduko kontinente ezberdinetan zehar, 55 kontzertu eman zituen. Bira honen nondik norakoak jasoko ditu lanak, Ferminek berak eta Daniel Gomezek (Principia Flims) gidatuta, eta artistaren musika eta ibilbidea ulertzeko oinarriak argituko ditu.
Munduan zehar, erresistentzia eta konplizitate ezberdinak azalduko ditu, Berlinetik Villarobledora, Zarautzetik Kurdistanera, Sidney, Buenos Aires, Japonia eta Estatu Batuetako kontzertuak ahaztu gabe. Bidaia honen bitartez, Ferminen ibilbidean zehar musika estilo ezberdinek izandako influentzia jasoko dute: ska, hip hop-a, reggae-a, etab.
Horrez gain, Ferminen musika eta mezu ideologikoa zabaltzeko ezinbestekoak izan dira nazioarteko luxuzko artistekin egindako kolaborazioak, eta lankidetza hauen lekuko izango da asteazkeneko 'No More Tour' dokumentala, 23:15etik aurrera, ETB1en.