Borroka historikoak
Marvin Hagler protagonista, ostiraleko "Boxeo Izarrak" saioan
A.A.
EITB
Pedro Mari Goikoetxeak gidatutako kirol tartea 00:40ean emango da ETB-1en.
Marvin Maravilla Hagler boxeolariari eskainiko diote aste honetako "Boxeo Izarrak" saioaren lehen zatia. Pisu ertainen kategorian historian izan den boxeolari onenetarikoa da Hagler. Lehendabizi, duela 25 urte Thomas La Cobra Hearnsen aurka jokatutako lehia izango da ikusgai. Hearns ere garaiko izarretako bat bilakatu zen, bost maila ezberdinetan munduko txapeldun izatea lortu baitzuen. Ondoren, John Mugabi ugandarraren aurkako borroka eskainiko dute.
Programaren bigarren zatia, gaur egun Europa mailan nabarmentzen ari diren boxeolariekin osatuko dute: Karo Murat alemaniarra, pisu erdi astunen kategorian orain arteko 20 borrokak irabazi dituena; Andy Lee irlandarra, 17 lehia irabazi eta bakarra galdu duena, eta Mateusz Masternak poloniarra, 16 garaipen jarraian lortu dituena.
Boxeoari eskainitako kirol tartea ostiralean dago ikusgai ETB-1en 00:40ean. Ohi denez, Pedro Mari Goikoetxea aurkezleak Manu Maritxalar boxeolari ohia izango du lagun komentarioak egiteko.