Itxi

ETB1en eta ETB2n

Teknologia hizpide, aste honetako 'Teknopolis' saioan

A.H. | EITB

Industria metatikora zuzendutako 3D inprimagailua, sateliteak eta elektrizitatez beteriko olatuak izango dira saio honetako gaiak.

Aste honetako 'Teknopolis' saioak berriak ez diren teknologiek dituzten erabilera berriak aztertuko ditu. Hasteko, EHU, Ibarmia eta Tecnaliaren eskutik merkaturatu den industria metalikora zuzendutako 3D inprimagailua aztertuko dute. Bereizgarri nagusia: makina berean bi funtzio edukitzea. Alde batetik, laser bidezko inprimazioa pieza sortzeko eta, bestetik, mekanizazio-prozesua akabera emateko. Sistema autonomo honek metalezko piezak konpondu edo zerotik solido jakin bat fabrikatu dezake. Prototipo bat jarri dute martxan teknologiaren funtzionamendua eta makinaren errentagarritasuna erakusteko.

Bestalde, sateliteak klima aldaketaren behatzaile izan daitezkeela azalduko du saioak. Klima aldatzen ari da. Hori diote behintzat Lurreko klimaren zaintza egiten duten sateliteek. Europako Espazio Agentziak 2009an abian jarri zuen espaziotik klimaren zaintza egiteko programa. Zientzailariek Lurren hartzen dituzten datuak espaziotik hartutakoek osatzen dituzte, besteak beste, etorkizunean izango duen bilakaera iragarri ahal izateko. Orain arteko datuek adierazten dutenez, aldaketa azkar, oso azkar ematen ari da.

Olatuei buruz ere arituko dira. Olatuek zenbat energia ekarriko duten fidagarritasunez iragarri ahal izateak lagundu egingo luke itsas energia ustiatzen duten instalazioak garatzen. Baina itsas enegia gora beheratsua eta aldakorra da eta, horrek zaildu egiten du elektrizitate-iturri gisa erabiltzea. UPV/EHUko EOLO ikerketa-taldeko ikertzaileek adimen artifizialeko teknika berritzaileak aplikatu dituzte, olatuen energia fidagarritasunez iragartzeko. 24 orduko iragarpena egiten du metodo berriak, eta nazioartean garatu diren beste metodo batzuk baino emaitza hobeak ematen ditu.

Aste honetako laugarren bideoak Trentoko Unibertsitatean garatzen ari diren taka-taka robotikoa emango du ezagutzera. Taka-taka honek adineko pertsonei lagunduko die, leku ezezagunetan eta berrietan eroso eta galdu gabe ibil daitezen. Halaber, gai da inguruko oztopoak detektatzeko (baita pertsonak ere), eta erabiltzaileari ibilbide errazena proposatzen dio.

Amaitzeko, Bilboko Visual Line enpresak garatu duen trenbide-pasaguneetan segurtasuna areagotzeko softwareari erreparatuko diote. Kamerak jasotako irudiak denbora errealean prozesatzen dira eta arriskutsua izan daitekeen egoera bat detektatuz gero, alarma bat bidaltzen du aginte-postura, segurtasun-arduradunek erabakiak har ditzaten. Bideo-edukien analisia izena du teknologia horrek.

'Teknopolis' larunbat honetan emitituko da, 13:30etik aurrera, ETB1en; eta igandean, 09:30ean, ETB2n.

ETB2n.