Itxi

'El Conquis' saioaren 2. atala

Xanta kanporatu dute Amazonaseko lehen dueluan

Pirañek irabazi dute immunitate jokoa, eta kanpamentu aberatsera joango dira. Jaguarrak galtzaileak izan dira eta, ondorioz, kanpamentu txirora doaz.

Xanta euskaldun-brasildarra "El Conquistador del Amazonas" saioko bigarren kanporatua izan da, duelu baten ondorioz kanporatu duten lehena: Txarlyren aurkako duelua galdu zuen. Boliki bere laguntzailea soketan aditua da eta abentura kirolen alorrean egiten du lan, baina ezin izan zuen Xantak irabazterik lortu. Oihanean jumar oso gogorra egin zuten edizio honetako lehen dueluko protagonistek. Boliki saioa uztekotan izan zen, Xantak jumarra ongi lotuta ez izatearen ardura bere gain hartu baitzuen. Baztandarrak izugarrizko atsekabea hartu zuen, eta oihuka hasi zen. Dena den, Xantaren oihuek ez zuten ezertarako balio izan: etxera bueltan da. Txarlyk onik ateratzea lortu zuen. Batetik, bere aurkariaren okerrari esker; bestetik, lasai egotea lortu zuelako; eta azkenik, Iñigoren laguntzari esker.

Jaguarrek Amazoniako basoko bizi baldintza gogorrak ezagutu dituzte, lehen bi egunetan luxuzko etxoletan egon ostean. Izugarrizko aldea nabari dute bien artean. Beste telerrealitate saio batzuetan hartutako esperientzia ez zaie baliagarri izan jaguarrei oihaneko laztasunak ekiditeko: eltxoak, bero itogarria eta janari eta ur falta. Ikusiko dugu nola egiten dioten aurre abenturako lehen ezbeharrari.

Egia esan, lehen immunitate jokora oso motibaturik iritsi ziren jaguarrak, baina adorerik gabe bukatu zuten, kaiolatik ateratzerik lortu ez zuen talde bakarra izan zelako. Artzaik ez zuen kapitain dohainik erakutsi Amazonaseko lehen benetako desafioan. Pirañek irabazi zuten jokoa: oso azkar egin zuten ihes egiteko zuloa eta, giza dorrea eraikitzeko zailtasunak izan zituzten arren, aise lortu zuten garaipena. Berdeak atzeratu egin ziren zuloa egiterako orduan, eta bigarrenak izan ziren jokoan.

Ondoren, saioaren berritasunetako bat iritsi zen: bi talde galtzaileek egin beharko dute batzarra eta duelua talde bakoitzeko kide batek egingo du. Berdeek Erkuri eta Juanmari eman zioten immunitatea, eta gorriek Bolikiri eta Aitziberri. Azpimarragarria da Artzai jaguar taldeko kapitainak ez zuela aukeratu Leku bere lagunak lehen batzarrean immunitatea izaterik. Norbait arriskuan jartzeko ordua iritsi zenean, anakondek Xanta aukeratu zuten, eta jaguarrek Txarly Legazpiko ertzaina.

Bitartean, pirañak "El Conquistador" saioaren historian izan den kanpamentu aberatsik onenaz gozatzen ari dira. Janaria, sua, etxola, oheak, eltxo-sareak, dutxa, komuna eta immunitatea dituzte. Taldeak duen elementurik "disonanteena" Igor da, arima librea duen lehiakidea.

lehiakidea.

Informazio gehiago (1)