22:30ean
Xantari elkarrizketa eta esklusiba ugari, gaur, 'El Conquis'en
A.E./EiTB
Txarlyren aurka izandako dueluaren nondik norakoak kontatuko ditu Xantak, eta Bolikik abenturako bigarren ataleko lehian laguntzaile gisa izandako jokaera eztabaidatsuaz ere arituko da.
Amazonasko abenturan estreinako duelua izan ondoren kanporatutako lehen lehiakidea izango dute gaur gauean 'El Conquis' debate saioan. Xanta Miramongo platoan izango da, Txarlyren aurka izandako dueluaren nondik norakoak kontatuko ditu, eta Bolikik abenturako bigarren ataleko lehian laguntzaile gisa izandako jokaera eztabaidatsuaz ere arituko da.
Abenturako irudi esklusibo ugari izango dira aste honetan 'El Conquis' saioan, izan ere, osasun larrialdiak izango dira, kanpaleku aberatsean zein oso txiroan, eta, ondorioz, bi lehiakide egoera arriskutsuan izango dira. Halaber, datorren ataleko dueluaren eta jokoaren berri ere emango dute, eta irudi hunkigarri eta kezkagarri bat ere aurreratuko dute: Patxi Salinas kapitainak eta Igor Pirañen taldeko kideak liskar bizia izango dute.
Horretaz guztiaz aritzeko, gonbidatuak izango dira platoan: Xanta eta Patxi Larretxea entrenatzaile pertsonala, Mikel Goñi eta Manu Maritxalar, 'El Conquistador' saioko kapitain ezagunak. Halaber, ohi legez, Gotzon Mantuliz, Isa Landa, David Seco, Amaia Puertas, Metxa, Idoia (Ainhoaren ahizpa) eta Igorren eta Olatzen senitartekoak ere izango dira.
Astero bezala, tuit onena sarituko dute eta erabiltzaileak zein iritzi duten ere jakingo dugu, webean egindako galderari (Xanta kanporatzearen ardura Bolikirena ote da?) emandako erantzunak ikusita.
'El Conquis', Patxi Alonsok aurkeztuta, asteazkenean, 22:30etik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en.