22:15ean
Errepideko lanak hizpide, gaur, 'Objetivo Euskadi'n
A.H. | EITB
Errepideetan lan egiten duten profesionalekin arituko dira, euren motibazio eta arriskuak gertutik ezagutuz.
'Objetivo Euskadi' saioa errepideetako profesionalen tokian jarriko da gaur, eta, horretarako, mota guztietako ibilgailuak probatu, eta errepideak ematen dituen gauza onak eta txarrak ezagutuko ditu gertutik. Bizipen ezberdinak izan ondoren, ondorio argia aterako du saioak: egun osoan errepidean aritzeko umore onez, lasaitasunez eta zuhurtasunez jardutea ezinbestekoa dela.
Gaurko lehen protagonista Valentin Fernandez de Mendiola izango da. Elurra egiten duenean bere traktoreari pala handi bat jarri eta elurra kentzen aritzen da Arabako zenbait herritan. Lan arriskutsua da.
Javier Barruetabeñak eta bere lankideek duten lana ere ez da batere erraza. Euskadiko garabirik handiena mugitzea zailtasun handiko lana da, eta errepide estuetatik garraiatuko dute 'Objetivo Euskadi'ko lantaldearekin batera.
Loquilloren abestiak zoriontsu izateko kamioi bat behar zela zioen, eta hala izan da Iratxe Aguirre Beitiaren kasuan. Ez da oso ohikoa bere bezalako emakume bat kamioi handi bat gidatzen ikustea. Euskal errepideetako puntu beltzak ezagutuko dituzte berarekin.
Javier Cotillasek desagertzear dagoen lanbidea dauka: arrain saltzaile ibiltaria da. Herriz herri joaten da arraina saltzen, eta bere erosleak adeitasun handiz aritzen dira berarekin. Ritxar Aguirre apaizak bere eliztarrekin duen harreman estua ere ezagutuko dute.
Amaitzeko, 'Objetivo Euskadi' saioak ez ditu ahaztu errepidean ahulenak diren ibilgailuak: bizikletak. Igor Anton txirrindulari profesionalak errepidera ateratzean, batzuetan, beldurra sentitu izan duela aitortuko du larunbateko saioan.
'Objetivo Euskadi' gaur emitituko da 22:15etik aurrera ETB2n.
ETB2n.ETB2n.