Itxi

Aste honetan

'Pop up' liburuak izango dituzte aztergai "Ipupomamua" saioan

A.A.

EITB

Nagore Aranburuk alor honetan maisu den Katsumi Komagataren erakusketa bisitatuko du Zornotzan.

Aste honetako "Ipupomamua saioak" pop up liburuak izango ditu hizpide. Orri, atal edo ilustrazio mugikorrak dituzten liburu hauek ez dira gaur egungo gauza; mendeak igaro dira asmatu zituztenetik, baina azken urte hauetan liburu mota hauen urrezko aroa bizi dugu.

Nagore Aranburu aurkezlearekin Zornotzako Zelaieta Zentrora abiatuko dira pop-up liburu artistikoen maisu den Katsumi Komagataren erakusketa bisitatzera. Bertan, Anti liburudendako Natalia Gomez-Acebok Komagataren obraren inguruko ibilbidean lagunduko die. Pascal Humbert diseinatzaile grafikoaren hitzaldian ere izango dira, umeentzako liburuetan abangoardiek izan zuten eragina ezagutzeko. Jose Ignazio Royo matematikariak papiroflexia eta pop-up liburuen arteko harremanaz hitz egin eta paperezko figura bat egiten erakutsiko die ikus-entzuleek. Bukatzeko, Egoitz Lasa aktoreak La reina de los colores ipuina kontatuko du.

"Ipupomamua" ostegunean dago ikusgai 21:25ean ETB-3n eta ostiralean 19:05ean ETB-1en.