Itxi

Zientzia eta teknologia

Materialaren patologiaz, aste honetako, 'Teknopolis' saioan

A.E.|EiTB

Leer en Castellano

Jaizkibelgo geoformei ere erreparatuko dio Iñaki Leturiak zuzentzen duen programa.

Aste honetan materialaren patologiei buruz arituko dira 'Teknopolis' saioan. Hareharriz egina dagoen Galeako Fortea XVIII. mendeko eraikuntza militarrak urteetan dituen kalteei erreparatuko diote. UPV/EHUko kimika analitikoko IBeA taldeko kideentzat kalte horiek materialaren patologiak dira, eta itsasoko aerosolek eta kutsadurak sortzen dituzte.

Jaizkibelgo geoformei buruz ariko dira, halaber, aste honetako saioan. Itsas inguruan aurkitzen baditugu ere, ez dira itsasoaren indarraren ondorio. Duela 50 milioi urte pilatutako jalkin edo sedimentuetatik sortutako hareharriaren barruan gertatzen den prozesu kimiko bat dago eskultura natural horien jatorrian. Aranzadiko espeleologia taldeko Carlos Galanek forma horietako batzuk erakutsiko ditu 'Teknopolis'en, bertatik bertara.

Korrokoiekin EHUn egiten ari diren ikerketaren berri ere jasoko dute. Naturan, bizidun bat ar edo eme bezala garatzen da, sexu-hormonek aginduta, garapen bata edo bestea martxan jartzen duen seinale kimikoaren arabera. Androgenoek animalia arrak garatzen dituzte eta estrogenoek, emeak. Arazoa da giza jarduerak sortutako substantzia batzuk estrogeno modura jokatzen dutela. Horrek ematen die arrei emeen ezaugarriak. EHUko biologo eta kimikari talde bat ikertzen ari da arazo hori euskal kostan, korrokoiak harrapatzen, arrain horiek oso markatzaile onak baitira. Toki guztietara iristen dira, eta haiengan eragina nabarmena da. 'Teknopolis' EHUko zientzialariekin joan da Gernikara, harrapaketa eta disekzio prozesuak bertatik bertara ikustera.

Groenlandiako glaziarren urtze prozesuaz arituko dira azkenik. Izotz geruza honek, itsasoaren maila zazpi metro igotzeko beste izotz gordetzen du. Ur guzti hori ozeanoetara zenbat denboran zabalduko den jakin nahi dute ikertzaileek.

'Teknopolis' larunbatean dago ikusgai, 13:30ean, ETB1en; eta igandean, 09:30ean, ETB2n.

TB2n.