Txirrindularitza 15:00etan
Euskal Herriko Itzulia, zuzenean, ETB-1en eta eitb.com-en
A.A.
EITB
Egunero, bazkalostean, Fermin Aramendi, Iñigo Aiestaran, Aitor Osa eta Mikel Artetxek emango dute jardunaldiaren berri. eitb.com-en, lasterketa minutuz minutu eta zuzeneko seinalea jarraitzeko aukera.
Gaur, apirilak 5, hasiko da 50. Euskal Herriko Itzulia eta Euskal Telebistak zuzenean jarraituko du lasterketa garrantzitsua bere lehen kateko emanaldiekin eta eitb.com-en. Canal Vascon ere ikusgai izango da proba.
ETB-1ek arratsaldero egingo du bat lasterketarekin zuzen-zuzenean 15:00ak aldera. Fermin Aramendi eguneko helmugan izango da, Aitor Osa eta Mikel Artetxe txirrindulariak alboan dituela lasterketaren berri emateko. Iñigo Aiestaranek motorretik jarraitu du itzulia. Horrez gainera, egunero gaueko 21:00etan eguneko etaparen gertakari garrantzitsuenak bilduko dituen laburpena egingo du Alfonso Arroiok. Canal Vasco katetik egingo den emanaldia Arroiok berak komentatuko du Txomin Perurena eta Roberto Laisekarekin batera.
Mendian ondo moldatzen diren txirrindularientzat aproposa izango da aurtengo Euskal Herriko Itzulia. 29 mendate igaro beharko dituzte eta ez dute atseden hartzeko betarik izango.
Zierbenan hasi eta amaituko da lehen etapa. Bigarrena, Zierbenatik Vianara joango dena, luzeena izango da, 210 kilometrorekin. Nafarroatik Arabara joango dira hirugarren egunean, Amurriora. Ostegunekoa etapa erregina izango da; zortzi mendate igaro beharko dituzte eta horietako bi lehen mailakoak izango dira, Arrateko helmugatik oso gertu gainera: Ixua eta Uzartza. Bosgarren etapa Eibartik abiatu eta Orion amaituko da eta azken egunean, ohi denez, erlojuaren aurka lehiatuko dira: Orio-Aia-Orio, 22 kilometro.
UCIk oraindik ez du Alejandro Valverderen aurkako neurririk hartu eta honenbestez, Caisse d’Epargne taldeko txirrindulariak Euskal Herriko Itzulian lehiatzeko asmoa du. Beretzat propio egina dirudi ibilbideak eta garaipena eskuratzeko faboritoen artean dago, Kataluniako Itzulia irabazi berri duen Joaquin Rodriguez (Katusha) eta Samuel Sanchezekin (Euskaltel-Euskadi) batera. Aurrez aurre izango dituzte, baita ere, Michael Rogers (Columbia), Damiano Cunego (Lampre), Cadel Evans (BMC) eta Franck Schleck (Saxo Bank).
Interneten, eitb.com-ek lasterketa zuzenean eta minutuz minutu jarraitzeko aukera eskainiko du. Gainera, sailkapenak, argazkiak, bideoak eta datu historikoak ikusgai izango dira bertan.