'El Conquis'en 10. atala
Anakondak, kanporaketatik libre, Artzairen sakrifizioari esker
Cesarren aurkako duelua galdu du Artzaik, labirintoaren immunitate joko gatazkatsuaren ondoren.
Artzai kanporatu dute, eta, horrekin, lehiaketaren hamabigarren edizioko parte hartzailerik karismatikoenetakoaren abentura bukatu egin da. Villabonako pilotariak "El Conquistador del Amazonas"eko ikusleen eta lehiakideen estimazioa eskuratu du bere xumetasunari, sinpatiari eta etorriari esker. On hutsa da Artzai, eta, hain zuzen ere, bere xalotasuna eta apaltasuna izan dira bere kanporatzearen kausetako bi. Izan ere, borondatez aurkeztu zuen bere burua duelua egiteko. Anakonden taldean Erku ere boluntario azaldu zen, baina ez zen oso tinko azaldu. Talde berdeko ustezko "indartsuenak" ezkutatu egin ziren Artzairen kemenaren aurrean: Iñigo, Juanma eta Leku ez ziren ausartu duelua egiteko beraien buruak aurkeztera. Laguna agur esaten ikusita malkotan urtu zen Leku; ziurrenik damututa zegoen hernaniarra, jakin bazekielako Cesarren aurkako duelua berak egin behar zuela, eta ez Artzaik. Izan ere, Lekuk erraz irabaziko zukeen venezuelarren aurkako jokoa. Baina galtzeko beldurra eta irabazteko desira garrantzitsuagoak izan ziren… Patxik erakutsi zuen ez dela guztiek goraipatzen duten kapitaina. Futbolari ohiak gipuzkoarraren sakrifizioa baimendu zuen, nahiz eta bazekien isilik gelditutako bat baino gehiago trebatuago zeudela garaipena lortzeko. Behintzat anakonda guztiek aurrera jarraitzeak arintzen du kapitainaren bihotza, zeren Artzai jaguarra zen izatez. Dena den, haren porrotak bere horretan utzi du guztia, eta berdeek kanpamentu oso txiroan jarraitzen dute.
Cesarrek, bitartean, anakonden aurkako gurutzadarekin jarraitzen du, baina Artzai ez zen izan berak nahiko zukeen biktima. Gogora dezagun Villabonakoak baino ez zen ziola adiskidetsu agur esan taldea utzi zuenean. Pirañak kanpamentu aberatsean gozatzen zeudela, saioa uzteko erabakia hartua zuela adierazi zuen Peiok. Dena den, Cesar eta Txapela oilo-saldaz beteriko lapikoarekin ikusi zituenean bere iritzia aldatu zuen. Groucho Marxek esan zuen bezala, "nik printzipio batzuk dauzkat, baina gustuko ez badituzu, baditut beste batzuk ere".
Gertatutako guztiaren abiaburua labirintuaren immunitate jokoan gertatutakoa izan zen. Hasieran, Peioren taldea abiatu zen irteerako bide zuzenetik, baina Patxik aurkarien bideari jarraitzea erabaki zuen, beste irteera bilatu beharrean. Ondoren, pirañak aurretik zirela, anakondek urdinen gainetik pasatzeari ekin zioten, beste bide zuzen bat zegoela pentsatu ordez. Orduan hasi zen jokoa etetea eragin zuen istilua: Patxi Salinas ukondokadaka hasi zen, Igor hozkadaka, Iñigo belaunekin aurkariei kolpeka, eta Cesar, sorbaldekin eta aldakekin. Lehen ere bidea estua baldin bazen, gatazkaren ondorioz ibilgaitz gelditu zen. Batek daki jokoa nola bukatuko zatekeen Julianek garaiz eten izan ez balu…
n izan ez balu…