Itxi

Saio berria ETB2n

Juan Martin Guevara 'Che'ren anaiak 'Origen' saioan parte hartuko du

EiTB

Leer en Castellano

Che comandantearen anaia bisitan da Euskadin, Olga Zabalgogeaskoak laster aurkeztuko duen saioak gonbidatuta.

Juan Martin Guevara, 'Che' Guevara komandantearen anaia gazteena, Euskal Herrian da egun hauetan, laster eskainiko den ETB2ko 'Origen' saioaren grabazioan parte hartzen.

Saio berri honetan, sustraiak ezagutu nahi dituzten euskal diasporako kideak izango dituzte gonbidatu. Euren arbasoen inguruan zenbat dakiten eta euren erroetan atzera zenbat ikertu daitekeen erakutsiko du 'Origen' saioak. Halaber, gaur egun Euskal Herrian dituzten ahaideekin topatzeko aukera ere eskainiko zaie.

Juan Martin Guevara Kordoban (Argentina) jaio zen 1943an, Ernesto bere anaia zaharrena baino 15 urte geroago. Hura bezala, 50. hamarkadaren amaieran Sozialismoaren aldeko Fronte Antiinperialistaren kide egin zen. 1975 eta 1983 urte bitartean preso politiko gisa egon zen Argentinako hainbat kartzeletan, eta bere baldintzek 76ko martxoaren 24ko Estatu Kolpearen ondoren okerrera egin zuten.

Gaur egun, Por las huellas del Che gobernuz kanpoko erakundearen buru da Juan Martin. Bertan, 1967n Boliviako La Higueran hil zuten 'Che' Guevararen figura eta pentsamendua zabaltzen ahalegintzen dira.

ETBko 'Origen' saioak sorpresa ugari ditu gordeak, bai gonbidatuentzat eta bai ikus-entzuleentzat ere. Juan Martin Guevarari eskainitako saioan, adibidez, bere familia Gebara herri arabarrekoa dela jakingo dugu. Horrez gain, Olga Zabalgogeaskoak aurkeztutako saioak mende hauetan bere familia eta arbasoen gora behera eta joan etorrien berri emango du.

Juan Martin Guevararekin batera, besteak beste, gonbidatu hauek izango ditugu 'Origen' saioan: Maria Pilar Garcia Gurtubay, Noruegako makailoa inportatzeagatik nabarmendu zen Simon Gurtubayren ondorengoa; Eduardo Strauch Urioste, Andeetako hegazkin istripu ospetsutik bizirik iraun zuenetako bat; Fernando Solabarrieta, Txileko aurkezle eta kazetaria, eta Fernando Martitegui sukaldari argentinarra.