'El Conquis'en 15. atala
Ainara kanporatuta, Igor da Amazonasen gelditzen den azken piraña
Igorrek eta Mariak Ainara kanporatu dute dueluan, eta Patxi saioa uztear izan da saihets-hezur batean min hartuta.
Anakondek gupidagabe jarraitzen dute pirañak kanporatzeko lanetan. Haien azken biktima Ainara izan da. Filmak aurrera darrai indartsuenek idatzitako gidoiari jarraituta. Ainarak Maria aukeratu zuen duelurako, aurkari ahula izango zelakoan, baina indar gabe gelditu zen, eta ez zen gai izan zuhaitzean gora igotzeko. Igorrek azkar eta lasai egin zituen egin beharrekoak. Arabarra oso kontzentratuta dago, eta helburua argi dauka: berde guztiak kaleratzea eta finalera iristea. Maria, beti irribarretsu eta doinu mexikarra kendu gabe, berriz ere onik atera da duelu batetik; ez du duelurik irabazten, baina galdu ere ez ditu egiten, eta horrek ere meritu handia du. Duelurik zapaldu ez duen anakonda asko dago kanpamentu bateratuan, eta harro daramate indartsu etiketa.
"El Conquistador del Amazonas"en hamabosgarren ataleko beste protagonistetako bat Patxi Salinas izan da. Anakonden kapitain ohiak beti du kexaren bat, eta badirudi burua lehiaketatik kanpo duela sarritan. Baina Patxik ez du amore ematen; saihets-hezur batean min hartu zuen jokoan, eta saioa uzteko asmoa izan zuen. Dena den, medikuarengana joan zen, eta lehiatzeko gogoz bueltatu zen. Bileraren ostean, bazirudien duelura joateko Patxi aukeratzeko konbentzituko zuela Igorrek Ainara, baina arabarraren zuhurtziak Araiako gorila ahoberoaren iritzia gainditu zuen.
Berdeek beren arteko borroka hasi dute. Immunitate jokoan parte hartzeko bikoteak aukeratzerako unean, Erkuk berehala eman zuen Juanmaren izena, eta honek buruarekin baietz esan zuen, suhiltzaile nafarra indartsuenetako bat baita. Jarraian, Patxik Leku hautatu zuen kide bezala. Naiarak eta Nereak elkarri eskua eman zioten, eta, nortzuk zeuden taldekiderik gabe? Maria eta Iñigo. Futbol entrenatzaileak kiroltasunez hartu zuen Mariaren bikotea izatea, baina horrek ondorioren bat ekarriko du taldean ziurrenik.
Bikoteen desoreka ez zen antzeman pista amerikarraren immunitate jokoaren emaitzetan. Espero zenez, Erkuk eta Juanmak eta Patxik eta Lekuk berehala burutu zuten zirkuitua, baina denbora kalkulatzerako orduan huts egin zuten laurek. Atzeko aldetik, adierazgarria eta seinale txarra izan zen Ainarari gertatutakoa: pista amerikarraren bigarren oztopoa gainditzerik ez zuen lortu.
uen lortu.