Zuzenean
Bera Beraren partida eta Soriako pilota jaialdia, gaur, ETBn
A.A. | EiTB
Donostiarrek Mecalia At. Guardes taldearen aurka jokatuko dute. Horrez gain, 'ETB Kantxa'k bi neurketa eskainiko ditu: Berasaluze II-Barriola / Elezkano II-Zabaleta eta Jaunarena-Irribarria.
Igande honetako 'Oreka' saioak Emakumeen Eskubaloi Ligako 21. jardunaldian Bera Berak Mecalia At. Guardes taldearen aurka jokatuko duen norgehiagoka eskainiko du. 12:00etan hasiko da eta Jon Ander Gorospe, Matxalen Ziarsolo eta Sara Gandara arduratuko dira kontakizunaz.
ETB1ek eta eitb.eus-ek eskainiko duten bigarren zuzeneko kirol emankizuna Soriako pilota jaialdia izango da, 17:00etan. Bertan, bi partida jokatuko dira: Berasaluze II- Barriola / Elezkano II-Zabaleta eta Buruz Buruko Txapelketako Jaunarena-Irribarria. Xabier Euzkitze, Joxan Tolosa eta Elena Azpeitia zuzenean arituko dira bertatik.
Igandeko ETB1en kirol eskaintza herri kirolek eta estropadek osatuko dute. 11:00etan, Aiako Peru Harria Txapelketan gertatutakoa bilduko du Ibon Gaztañazpik. 16:00etan, berriz, goizean Abaltzisketan jokatutako banakako Eusko Label sariko kanporaketaren berri emango du, Jose Etxebeste lagun duela. 16:30ean, goizean Legution jokatutako Euskal Herriko Batel Txapelketaren ingurukoak ekarriko ditu Juanan Legorburuk.
Bestalde, ETB4n erremonteko Sagardoaren Txapelketako bi finalerdi eskainiko dira: Ezkurra II-Larrañaga / Uterga-Aizpuru III eta Urriza-Labaka / Matxin III-Endika. Iñigo Aiestaran eta Manuel Arrizabalaga 'Matxin' arduratuko dira kontakizunaz.
Emanaldi guztiak eitb.eus-en ere jarraitu ahal izango dira.