Itxi

ETB1 eta ETB2n

Metaletan jarriko du arreta, aste honetan, 'Teknopolis' saioak

A.E.|EiTB

Leer en Castellano

Arditurriko ustiaketako aztarnak eta Nerbioi-Ibaizabal estuarioa kutsatzen duten metalei buruz arituko dira.

Argazkia: EFE

Aste honetan Arditurriko ustiaketaren aztarnak bisitatzen izango da 'Teknopolis' bertako gidari den Itsaso Aritzetaren eskutik. Lurpera bidaia horretan handik zer metal lortzen zen ezagutuko dute, preziatuena galena. Erromatarrek galenatik zilarra ateratzen zuten txanponak egiteko eta beruna ere lortzen zuten. Gerora, burdina edo zinka ere eman ditu Arditurrik. Milaka urteko lan eta izerdiak arrasto harrigarria utzi du lurpean, eta baita azalean ere.

UPV/EHUko IBeA ikerketa-taldeak metalek eragindako kutsadura ikertzen du, besteak beste, Nerbioi-Ibaizabal estuarioan, urak eta ibaiaren hondoko sedimentuak aztertuta. 2005etik ari dira datuak biltzen, eta datuek erakusten dute egoera asko egin duela hobera. Erreportaje honetan Bilboko Zorrotza auzoko laginketa-puntura lagundu diote Azibar Rodriguez ikertzaileari.

Ez da berria autoak egiteko metalaren ordez beste hainbat material erabil daitezkeela. Haien artean, konpositeak daude, karbono edo beira-zuntzak adibidez. Altzairuak baino erresistentzia handiagoa dute, eta gainera arinagoak dira eta ez dira erdoiltzen. Baina arazo handi bat dute: zailak dira egiteko eta garestiak dira. Horregatik, Mondragon Unibertsitateko ingeniariak konpositeen ohiko fabrikatze-metodo bat egokitzen ari dira, pultrusioa, materialak merketzeko eta autoaren piezen geomatriak nahi bezala sortzeko.

Azkenik, maiatzeko argazki-lehiaketaren irabazlearen izena emango du saioak. Maiatzeko saria nora joango den argitu ez ezik, ekaineko argazki lehiaketaren gaia iragarriko dute.

'Teknopolis' larunbatean ETB1ean 13:30an dago ikusgai eta igandean ETB2n 09:30ean.

ean.