Itxi

Ostegunean, 00:30ean

'Giza liburutegia' bereizkeriari aurre egiteko dokumentala, ETB2n

A.H. | EITB

Leer en Castellano

Europa Transit-en eskutik datorkigun ekoizpenak Polonian talde minorizatuetako kideak gertutik ezagutzeko aukera ematen duen ekimena azaltzen du.

Bihar gauean, ETB2k eta eitb.eus-ek Giza liburutegia dokumentala eskainiko dute 00:30ean. Donostia 2016ren Europa Transit enbaxadak Wroclawn grabatutako filma da, Donostiarekin batera, aurtengo Europako Kultur Hiriburua den Poloniako hirian, hain zuzen ere. Xuban Intxaustik zuzendutako lana da, eta herrialde kulturaniztun eta toleranteago baten alde egiteko helburuarekin, talde minorizatuetako kideak gertutik ezagutzeko aukera emango duen 'giza liburutegi bat' sortzeko ekimena islatuko du.

Aniztasunaren aldeko egitasmoak

Polonian, 2015eko urriko azken hauteskunde orokorretan, inoizko babesik handiena eskuratu zuten ultrakontserbadoreek: Bakea eta Justizia alderdiak (PiS) gehiengo osoz irabazi zuen, Polonia bateratu eta garbi bat aldarrikatzen duen programa batekin. Azkenaldian, gainera, gero eta ohikoagoak dira etorkinik gabeko Polonia bat eskatzeko eta errefuxiatuen aldeko politika europarraren kontra protestatzeko manifestazioak.

Testuinguru horretan, hala ere, badira herrialde kulturaniztun eta toleranteago baten aldeko herri ekimenak eta gobernuz kanpoko erakundeak. Horietako bat dugu Wroclawko 'Giza liburutegia', elkarbizitzaren balioak bultzatzeko helburua duen ekimena.

'Giza liburutegia' pertsonak liburu bihurtzen dituen egitasmoa da. 'Liburuok' izendatzaile komun batek lotzen ditu: diskriminazioa jasan izanak. Horrela, irakurleek liburuotako bat maileguan hartzen dutenean, hauxe topatuko dute: arrazagatik, sexu izaeragatik edota erlijioagatik marjinatuak eta estigmatizatuak izan direnen istorioak. Aniztasunera gutxi ohituta dagoen herrialde batean, liburutegi hau aukera ona da diskriminazioaren aurka borrokatzeko.

Europa Transit, hamar kontakizun Europako bizikidetza gogoan

Enbaxada ibiltariaren baitan egingo diren hamar dokumentaletan laugarrena da Giza liburutegia. Xuban Intxausti da guztien zuzendaria, eta oraingoz honakoak estreinatu dira: Mugaldeko mezuak (Ceutako bisitaldiaren emaitza, immigrazioa ardatz), In Dialogue (Ipar Irlandako bake-prozesuari buruzko lana, Belfasten filmatutakoa) eta Dresden babesleku (errefuxiatuen erronkari begirada Bigarren Mundu Gerrak suntsitutako hiri alemaniarrean). Uztailean izango da ikusgai estreinakoz Sarajevon maiatzean grabatu zen lana. Mursego batu zitzaion enbaxadari Bosnia-Herzegovinako hiriburuan. Gerraren trauma gainditzeko musikak duen indarrari buruzko dokumentalean, artista gipuzkoarra da protagonista.

Donostia 2016ren kanpo misioa osatzen duten hiru enbaxada ibiltarietako bat da Europa Transit. Urtarrilean ekin zion bere bideari, eta gatazken edo desberdinak elkarrekin bizitzeak dakartzan erronken lekuko diren edo izan diren hamar hiri europar bisitatuko ditu: Ceuta, Belfast, Dresden, Wroclaw, Sarajevo, Mosku, Pafos, Pristina, Plovdiv eta Istanbul. Horietako bakoitzean, enbaxadaren taldeak dokumental bat grabatuko du, gatazkaren egungo egoera eta beronek utzitako legatu kulturala aztertuz, bizikidetzaren eta elkar-ulertzearen balioetan sakontzeko. Seriea osatuko duten hamar lanak ETBn ikusi ahal izango dira, eta, gainera, nahi duenak eskuragarri izango ditu, jatorrizko bertsioan, euskarazko, gaztelaniazko edo ingelesezko azpitituluekin.

azpitituluekin.azpitituluekin.

Informazio gehiago (1)