Eguraldia
Udako jantzia jarriko du 'Eguraldia'k
A.H. | EITB
Udaren hasierarekin batera, eduki berriak eskainiko ditu. Besteak beste, hondartzen eta itsasoaren egoera, udako abisu eta alerta bereziak, eta jai-egun eta data berezien eguraldiaren iragarpena.
Uda sasoiarekin batera, 'Eguraldia' saioko lantaldeak hainbat eduki berri eta fresko prestatu ditu. Saioa ikus-entzuleen udako beharretara moldatuko da eta eguneko iragarpena ez ezik, eduki bereziak eskainiko ditu.
Besteak beste, udako eguraldiak ekar ditzaketen arazoen aurrean abisu eta alerta ezberdinen berri emango du: ekaitzak, enbatak, bero-boladak edota baso sute arriskuak. Horrez gain, indize ultramorearen eta babes neurrien gainean informazio osoa eskainiko du, eta noski, hondartzen egoera azalduko du egunero, banderak, uraren tenperatura eta itsasoaren egoera zein den iragarriz.
Saio bakoitzean, eguneko tenperatura beroenen berri emango dute. Halaber, sargoria nabaritu daitekeen egunak arreta bereziz jarraituko dituzte, bero-boladen inguruko aholkuak eskainiz.
Udarekin batera gure herrietako eta hirietako festak hasten dira. Egun seinalatuetan, San Joan Gaua adibidez, eta hiriburuetako jaietan iragarpen bereziak egingo dituzte.
Saioak ohiko eduki finkoei eutsiko die, ikus-entzuleen partaidetza bultzatzen dutenei batik bat. Jarraitzaileen argazkiek, bideoek eta txioek toki garrantzitsua izango dute 'Eguraldia' n.
'Eguraldia' taldea
'Eguraldia'aren atzean dagoen profesional taldea Zuriñe Zulaika eta Maider Bermejo meteorologoek, eta Andoni Aizpuru, Ana Urrutia eta June Ansoleaga aurkezleek osatzen dute. Zuzendari lanetan, Onintze Salazar meteorologo eta aurkezlea ari da.
Euskal Telebistako saio nabarmenetariko bat da 'Eguraldia' eta ikus-entzuleen babes zintzoa jasotzea lortu du. Meteorologia zerbitzurik ikusiena da Euskadin eta urte honetan audientzia datu adierazgarria bereganatu du: %12,6ko kuota.