Itxi

Arrauna

ETBk eta Traineru Kluben Elkarteak akordioa sinatu dute hiru urterako

A.A. | EiTB

Edu Barinaga ETBko zuzendariak eta Pedro Andueza ACTko presidenteak lankidetza hitzarmena berritu dute.

Euskal Telebistaren eta Traineru Kluben Elkartearen (ACT) akordioaren sinadura ekitaldia egin da gaur, ekainak 23, EiTBren Bilboko egoitzan. Edu Barinaga ETBko zuzendariak eta Pedro Andueza ACTko presidenteak sinatutako hitzarmena hiru urterako da.

Bi aldeak pozik agertu dira lortutako akordioarekin, arraunaren zabalkundea bermatu ez ezik, ACTko bi liga nagusiak, San Miguel eta EuskoTren, ETBren bidez jarraitu ahal izango direlako. "San Miguel eta EuskoTren ligak hazteko eta ahal diren jarraitzaile gehienak lortzeko berebiziko garrantzia du hitzarmenak", adierazi du Pedro Anduezak. Ildo beretik, Edu Barinagak ere itunaren garrantzia azpimarratu du: "Hitzarmenari esker, Euskal Telebistaren bidez, gizon eta emakumeen arraun ligako emanaldi onenak eskaintzea bermatzen diegu ikusentzuleei. Halaber, errealizazio eta egikera erakargarrienarekin kirol hau eskaintzeko lanean jarraitzera animatzen gaitu".

Joan den igandean Sevillan jokatu zen San Miguel Ligako lehen proba, Euskadi Basque Country Bandera.

Uztailean, Astilleroko Bandera (2), Petronor Bandera (3), Orioko Bandera (9), Eusko Label Bandera (10), Bilboko Bandera (16), Getxoko Ikurrina (17), Moañako Bandera (23), Boiroko Bandera (24), Gipuzkoako Aldundiaren Bandera (30) eta Zumaiako Ikurrina (31) jokatuko dira.

Abuztuan, hilaren 13 eta 14an, Zarauzko Ikurrina jokatuko da, 20an Hondarribiako Bandera, 21ean CaixaBank Bandera, 27an Ambilamp Bandera eta 28an Portugaleteko Bandera.

Bermeoko Ikurrina eta El Corte Ingles Bandera irailaren 17an eta 18an jokatuko dira hurrenez hurren.

ACT elkartearekin lortutako akordioari esker, Emakumeen Euskotren Ligako zortzi estropada eta gizonezkoen San Miguel Ligako 19 eskainiko dituzte guztira ETB1ek eta eitb.eus-ek aurten.

.eus-ek aurten.