Castinga
'Tú al Norte y Yo al Sur' saioko castinga, gaur, Donostian
I.A. | EITB.EUS
"Tú al Norte y Yo al Sur" saiorako lehiakide euskaldunak aukeratzeko castinga izango da gaur EiTBren Donostiako egoitzan.
Lehen denboraldi arrakastatsua izan ondoren, "Tú al Norte y Yo al Sur" bigarren edizioa prestatzen ari da. Berriz ere, umorez arituko dira euskaldunen eta andaluziarren arteko kultur talkaz.
Reyes Pradosek aurkezten duen saioa sorpresaz beteta itzuliko da bigarren edizioan. Saioa hasi da lehiakideak bilatzen; Andaluziara joango diren euskaldunak eta Euskadira etorriko diren andaluziarrak hautatuko ditu. Esperientzia bertatik bertara ezagutu nahi baduzu, gaur (uztailak 13) EiTBren Donostiako egoitzan, Miramonen, lehiakide euskaldunak aukeratzeko castinga izango da. Saioan parte hartzeko eskaera mezu bidez ere bidal dezakezu, 679400100 telefono zenbakira deituta edo WhatsApp bidez mezu bat bidalita, edo tualnorteyoalsur@eitb.eus helbidera idatzita.
Pausokak ekoizten duen saioaren lehen denboraldiak Malagako Ardales eta Gipuzkoako Getaria herriak izan zituen agertoki. Lehiakideek herri horietako ohituretara eta usadioetara moldatzeko izan zituzten abentura eta ibilerak ikusi genituen, betiere, umorearen ikuspuntutik. Euskal ikus-entzuleen artean arrakasta handia izan zuen saioak, batez beste % 12,2ko audientzia zatia eta 314.000 ikus-entzule lortu baitzituen.
Saioaren arduradunek bigarren denboraldiak ekarriko dituen ustekabe eta nobedadeak sekretuan gorde nahi dituzte. Oraingoz ez dute jakinaraziko zein herritan hartuko dituzten edizio honetako lehiakideak, ezta lehiakideek egingo dituzten proben nondik norakoak ere, baina saioak espero ez den norabidea hartuko duela eta hainbat sorpresa izango direla aurreratu dute.