Itxi

Zeu Zara EiTB

Zeu Zara EiTB sariak aurkeztu ditu EiTBk Barakaldon

A.E. | EiTB

Leer en Castellano

Euskal herri nabarmenetako pertsona, erakunde eta asmoak nabarmenduko dituen ekimena Bizkaiko herri honetan abiatuko da uztailaren 13an, Udalaren eta BECen laguntzarekin.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Euskal Irrati Telebistak Zeu Zara EiTB ekimena jarriko du abian, euskal herri nabarmenetan ekarpena egin duten pertsona, elkarte eta asmoak saritzeko asmoz. Herri bakoitzean, lehendabizi, komunikazio eta informazio kanpaina bat egingo du. Ondoren, egitasmoari amaiera emateko, Zeu Zara EiTB sariak emango ditu.

Barakaldon jarriko da abian Zeu Zara EiTB egitasmoa, eta, hain zuzen ere, bertan aurkeztu dute, gaur goizean. Ekitaldian, Maite Iturbe EiTBren zuzendari nagusiak, Amaia del Campo Barakaldoko alkateak eta Xabier Basañez BECeko zuzendari nagusiak parte hartu dute.

Hurbileko informazioa eta entretenimendua, eta euskal kulturaren zabalkuntzan kalitatea dira EiTBren DNAren ezaugarri 1982an sortu zenetik, eta euskal gizarteak horrela aitortzen dio.

Hartara, gizartearengandik hurbilago egoteko, komunikazio taldeak Zeu Zara EiTB egitasmoa jarriko du martxan. Datozen hilabeteetan zenbait euskal herri esanguratsu izango dituzte protagonista. Guztiei telebista, irrati eta internet bidez jarraipen zabala egingo zaie.

"Herri bakoitzeko historia, idiosinkrasia, jaiak eta ekitaldiak izango ditugu kontuan", adierazi du EiTBren zuzendari nagusiak. "Halaber, herritar ezagun eta ospetsuenak elkarrizketatuko ditugu, eta kalera irtengo gara kultur eta kirol elkarteei ahotsa ematera, euren etorkizuneko estrategia eta asmoen berri izateko".

"EiTBk Barakaldo aukeratu du proiektua abian jartzeko –esan du Maite Iturbek–, oso herri indartsua delako, izaera berezi eta nabarmenekoa, jendetsua, eta gizarte eta ekonomia arloan bultzada handikoa. Berrasmatzeko, eta garapen, kultura eta kirol suspertzaile gisa gaitasun handia du. Horrez gainera, bizitzaren esparru askotan gailendu diren lagunen jaioterria ere bada".

Amaia del Campo Barakaldoko alkatearen hitzetan, "plazer bat da eta harro sentiarazten gaitu EiTBk Euskadiko herri guztien artean Barakaldo aukeratu izana Udalaren eta herritarren ahalegina aitortzen duen ekimen hau martxan jartzeko". Horrez gain, Barakaldoko herritarren eskuzabaltasunaz eta giza kalitateaz ere harro egon gaitezkeela esan du. "Kultura, gizarte eta kirol mailan elkarte sare anitza eta dinamikoa dugu, herrian buru-belarri murgilduta dagoen sarea. Hartara, Barakaldo ez ezik, gure herriaren izena mapan kokatzen duten bertako bizilagunen ahalegina aitortzeko sortu den EiTBren ekimenean herritarrek parte hartzea espero dut", adierazi du del Campok.

Bestalde, Xabier Basañez BECeko zuzendari nagusiak esan du Barakaldoko parte izateaz zoriontsu sentitzen direla. Eta hauxe gaineratu du: "Industriak eta euskal merkataritzak osatzen dute herriaren DNA, eta gure erakustazokak testigu hori hartu du Barakaldo nazioartean ikusgai eta nabarmen egiteko".

"Sariak banatuta amaituko den ekimen honen bidez, ziur nago Barakaldo herri aurrerakoi, solidario eta parte-hartzaile gisa agertuko dela. Munduko Saskibaloi Txapelketako amaiera fasea, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren finala edota Makina Erremintaren Biurtekoa hartzeko gai den herri gisa, hain zuzen ere", adierazi du BECeko zuzendari nagusiak.

Hurbiltasun kanpaina honetako jardunaldi bakoitzak zabalkunde handia izango du herrian. Hedapena komunikazio eta entretenimendu egitasmoen bidez egingo da. Amaitzeko, ekitaldi handi bat ospatuko da, sariak banatzeko jaialdia.

"Zeu Zara EiTB sariekin, elkarte, enpresa, erakunde eta norbanakoen lana aitortu nahi dugu, elkartasunaren, enpresaren, merkataritzaren eta ingurumenaren alorretan, eta herri bakoitzak aurrera egiteko garrantzitsuak diren ekimenetan", esan du EiTBko zuzendari nagusiak.

Sariak sei sailetan banatu dira:

1.- Zeu Zara Solidarioa

2.- Zeu Zara Gure Enpresa

3.- Zeu Zara Dendarik Onena

4.- Zeu Zara Gure Kutuna

5.- Zeu Zara Ingurumenaren Laguna

6.- Zeu Zara Gure Enbaxadorea.

'Zeu Zara Solidarioa' saria herritarrei zuzenduta egongo da, eta elkarteek egindako elkartasun ekintzak sarituko ditu. Zalantzarik gabe, gaur egun Barakaldo bizitzeko egokiagoa da, dituen kultur, gizarte eta kirol elkarteei esker.

'Zeu Zara Gure Enpresa' sariarekin, herriaren memoria kolektiboan dagoen Barakaldoko enpresa baten lana nabarmenduko da. Gaur egun eredu eta ikur den enpresa sarituko dute, hiriarentzat duen esanahiarengatik eta garai berriei egokitzeko izan duen gaitasunarengatik.

'Zeu Zara Dendarik Onena' sariak betiko denda edo jatetxe baten lana gailenduko du, denboran zehar, oztopoei eta arazoei aurre egiten jakin duen saltoki edo ostalaritza-lokal bat.

'Zeu Zara Gure Kutuna' sariak Barakaldoko herritar bat nabarmenduko du, bere ibilbide pertsonal edo profesionalarengatik onespen publikoa merezi duelako.

'Zeu Zara Ingurumenaren Laguna' sariak ingurumenaren, klima aldaketaren eta biodibertsitatearen zaintzaren errespetua islatu nahi du. Jendartea arduratzen duten gai horietan, datozen belaunaldiei mundu hobea uzteko lanean diharduten pertsona, elkarte edo enpresa sarituko du.

Azkenik, 'Zeu Zara Gure Enbaxadorea' sariak, kulturan, ikerkuntzan edo kirolean  Barakaldo gure mugetatik at ezagunagoa izan dadin ahalegintzen den laguna edo erakundea goraipatuko du.

Sei sail hauetako bakoitzean bost hautagai proposatu dira, Barakaldoko herritarrek www.eitb.eus-en bitartez bozka eman dezaten. Bozkatuenak, jakina, saria jasoko du, uztailaren 13an, 19:30ean, Barakaldoko Antzokian izango den ekitaldian.

Jaialdia Almudena Cacho eta Urko Aristi EiTBko kazetariek aurkeztuko dute, eta bertan Yannick Bergara Barakaldoko aktoreak eta Travellin' Brothers blues taldeak parte hartuko dute.

e hartuko dute.e hartuko dute.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)