Sanferminak
San Fermin jaiei jarraipen berezia, ETB1en eta eitb.eus-en
A.H. | EITB
Txupinazoa zuzenean eman ondoren, gauean 'Sanferminak 2016' saioa izango dugu Ilaski Serrano eta Julian Iantzirekin.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Euskal Telebistak San Fermin jaien jarraipen zabala egingo du aurten ere, eta Iruñeko kaleetan biziko den giro eta ekitaldi nagusien lekuko izango da bederatzi egunez.
Hasteko, zuzenean eskaini dute txupinazoa Ilaski Serranok eta Aritz Agirrek, Maite Eskarmendi eta Aitor Perez erreportarien laguntzarekin.
Gaur gauean berriz, sanferminetako lehen egun honetan bizitakoa ekarriko digute "Sanferminak 2016" saio berezian Julian Iantzik eta Ilaski Serranok. Kaletik bertatik egingo dira zuzeneko saioak, Iruñeko udaletxe inguruan dagoen Burgoen plazatik, hain zuzen ere.
Gaur gaueko saioa 22:25ean emitituko da ETB1en eta eitb.eus-en, eta txupinazoak utzitako irudi onenak erakutsiko ditu. Horrez gain, hainbat gonbidatu berezi izango ditu: Unai Zabaleta, Incansables txarangako kidea; Koldo Martinez, Geroa Baiko bozeramaile Nafarroako Parlamentuan eta La Jarana peñako kidea; Marta Moreno, Lizarrako jota kantaria; Anjel Mariezkurrena, Eratsungo kantari eta kantuzalea, eta Baluarteko jauregian ospatuko den Euskal Kantu Zaharren bazkariaren antolatzailea, eta, amaitzeko, Aitor Zabalza, 'El Conquis' saioko lehiakide famatu eta sanferminetako zale amorratua.
Bestalde, Nahiara Gago eta Juan de la Vega kazetariek sanferminetako giroa azalduko dute erreportaje eta zuzeneko konexioen bitartez. Txupinazo egunean, besteak beste, buruhandi, erraldoi eta kilikien konpartsen irteera erakutsiko dute, eta Mutilzarrak peñak antolatutako Riau-Riau ez ofizialaren gaineko erreportajea egingo dute. Gainera, aurten sute baten eraginez erre ondoren berriro martxan dagoen Irrintzi peñako egoitza erakutsiko dute.
Saio berezi hau uztailaren 6, 7, 9 eta 10ean izango da ikusgai.
Emanaldi bereziak
San Fermin jaiak direla-eta, hainbat emanaldi berezi eskainiko ditu ETB1eko 'Oholtzan' saioak: 'Jota Jaialdia Tafallan', 'Iruñea Kantuan' eta 'Sanferminetako Kantu Zaharren Bazkaria'.
Larunbat honetan, Tafalla Kulturguneko Felipe Gorriti auditorioan grabatutako jota jaialdia eskainiko du ETB1ek, 22:45ean, Ilaski Serranok gidatuta. Escuela de Jotas Hermanas Flamarique eskolako 50 ikaslek parte hartu zuten jaialdian, jotak eta kantu herrikoiak abestuz, Rondalla Tafallesa taldearen musika lagun. Tafallako jota eskola hau 1973an sortu zen, eta Carolina Gonzalezek zuzendu du azken 27 urteetan.
Igandean, 2015eko urrian Baluarten grabatutako 'Iruñea Kantuan' emanaldia eskainiko da. Euskal abesti ezagunak kantatuko dituzte Xabier Euzkitze eta Zuriñe Hidalgo aurkezleek eta beste hainbat abeslarik.
Amaitzeko, hurrengo larunbatean, uztailak 16, 'Sanferminetako Kantu Zaharren Bazkaria' emanaldi berezia eskainiko du ETB1ek. Baluarte Jauregian uztailaren 8an grabatutako emanaldia da, eta Ilaski Serranok gidatuko du.
San Fermin Torneoa
Kirolari dagokionez, ostegunean, Nafarroako Lau t'erdiko txapelketako finala eskainiko dute ETB1ek eta eitb.eus-ek zuzenean. Urrutikoetxea eta Ezkurdia pilotariek jokatuko dute, 12:30 aldera. Ostiraletik aurrera, binakako San Fermin torneoaren partiden zuzeneko emanaldiak eskainiko ditu Euskal Telebistak.
'Gaixoa Ni' ekitaldia
Iruñeko kaleetan izango diren bederatzi eguneko jaiei amaiera emango dien 'Gaixoa Ni' ekitaldia ere zuzenean eskainiko dute ETB1ek eta eitb.eus-ek, uztailaren 14an, Ilaski Serranok eta Aitor Perezek gidatuta.